Krisis: "Sentitzen duguna eta barru-barrutik irteten zaigun musika egiten dugu"

Maider Arregi 2011ko mar. 14a, 14:27

Bigarren maketa kaleratu dute Krisis aretxabaletarrek eta maiatzean kontzertua eskainiko dute Langraitzeko kartzelan. Mezu sakon eta indartsuekin dator Krisis hirukoa. Izenak esaten duen moduan, krisiarekiko eta egungo gizartearekiko desadostasuna azaleratzen dute. Potras (ahotsa eta gitarra), Borgas (Ahotsa eta baxua) eta Ibaito (bateria) dira taldekideak.


Amorrua eta doinu indartsuak ezagun dira zuen musikan.
Barrutik irteten zaiguna egiten dugu. Eguneroko gauzen inguruan eta bizi dugunaren inguruan abesten dugu.
Erritmo ezberdineko sei abestik osatzen dute maketa.
Bai; gehienak abesti azkarrak dira. Hala ere, Sistema abestia entzutean erritmo apurketa dagoela ohartuko zara. Zerbait ezberdina egin nahi genuen, kantu ezberdin bat, eta harmonika erabili dugu, besteak beste.
90eko hamarkadako punka egiten duzuela esan daiteke?
Punk-rock gordina egiten dugu. Ez da melodikoa. Zuzenekoak intentsitate handikoak dira eta dena ematen dugu. Gure kontzertuak ez dira oso jendetsuak, baina etortzen direnek primeran pasatzen dutela diote. [Barre] Guri musika egitea gustatzen zaigu, barrutik irteten zaiguna.
Zer esan dizuete maketa entzun duten jarraitzaileek?
Gure bigarren maketa hobea dela esan digute. Batez ere soinu aldetik igarri dute hobekuntza. Ez da estudioko grabazioa, baina gustatu zaie. Lokalean grabatu dugu, Karlosekin; oraingoan, landuagoa izan da grabazioa.
Ez, ez, ez, ez, gara ixilduko... diozue zuen letretan.
Gure mezua zabaldu nahi izan dugu jendearen aurrean. Eurek badakite, eta mezua ulertzen du jasotzen duenak. Denok ez garela berdinak eta inguruan begiratzeko diogu…
Nola ikusten du Krisisek gaur egungo errealitatea?
Gure letretan diogun moduan, errealitatea gorria da, odoltsua da. Geroz eta okerragoa. Gizarte honetako zenbait ikuspegi salatu nahi ditugu! Ikusi nola doazen gauzak! Ironia erabiltzen dugu gure letretan sistema ondo doala esaten dugunean.
Langraitzeko kartzelan joko duzue presoen aurrean.
Bai, maiatzean izango gara Langraitzeko kartzelan. Sekulako ilusioa daukagu, egunero ez dira-eta horrelako aukerak sortzen.  Bertako presoen aurrean jotzea esperientzia guztiz positiboa izango da guretzako, aberasgarria.
Nola ikusten duzu bailarako musikaren egoera?
Gure ustez, hemengo musika estiloa oso markatua dago. Hori apurtu egin behar da, jendea saturatuta dago-eta. Beste zerbait eskatzen du jendeak.
Noizko lehen lana?
Abestiak eginda dauzkagu. Gure asmoa da lehenbailehen gure lehen diskoa grabatzea. Entseatzen ere bagabiltza. Zerbait ezberdina egin nahi dugu. Baina gure asmoa da zuzenekoak ematea! Kontzertu gehiago lotzeko gogoz gaude. Azken finean, hori da gustatzen eta betetzen gaituena. Informazio gehiago euren webgunean duzue: www.myspace.com/krisisaskerosasratas.

Punk-rockari ñabardurak ateratzea

Orain dela hainbat urte Krisis ikusteko aukera izan nuen Arrasateko taberna batean eta onartu beharra dut hango anabasan zerbait ulertzea zaila zela. Orain, berriz, lokalean grabatutako disko hau nire eskuetara heldu da, eta, lehenik eta behin, zoriondu egin nahi nituzke lokalean grabatu arren lortu duten emaitzagatik. Balizkoa da!
Bestalde, esango nuke iraganeko Eskorbutoren itzala txikitu egin dela -hitzetan bada arrastorik-, eta, gure inguruan hainbeste landutako punk-rockean murgiltzen badira ere, zelanbaiteko izaera propioa dute, abesteko eran eta hainbat girotan; besteak beste, rock callejero deritzonaren arrastoa ere baduena. Ea, ba, zelako garapena duten!
Iker Barandiaran

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak