Juanan Cruz: "Liderra puntu askora egon arren, 3. mailara igotzeko lehiatzen jarraituko dugu"

Ander Monedero 2011ko ots. 17a, 01:00

Juanan Cruzek (Aretxabaleta, 1978) ordezkatu du Rafa Barrutia UDAren aulkian. Orain arte, gazte mailako entrenatzailea izan da eta erronka hau pozik hartu duela adierazi du. Elkarrizketa egin diogu.

Zer moduz joan dira lehenengo bi aste hauek?
Ondo. Lehenengo astean urduri samar egon nintzen, ez nuelako espero nik taldea hartzea. Oiartzunen partiduaren ostean urduritasunak alde egin eta pozik nago.

Entrenatzaile aldaketa izan da baina ez taldeak izandako emaitza txarrengatik. Sailkapenean 6. postuan zaudete. Nola ikusten duzu denboraldia?
Bide erdian geratu garela uste dut. Denboraldi erdia pasa da eta 6. postuan gaude. Hiru edo lau partidu jarraian irabazten baditugu goian sartuko garela uste dut. Goiko taldeak oso fin dabiltza eta normalean ez dute kale egiten. Egia da aurreko astean sorpresak izan direla, Hernanik Rotetaren aurka galdu duelako, baina ez da ohikoena. Aurten igotzea oso zaila da, baina matematikoki aukerarik ez izan arte lanean jarraitu behar dugu.

Hirugarren mailara igotzea al da helburua?
Bai, hori zen denboraldi hasieran finkatu genuen helburua eta nahiz eta liderrak gurekiko 12 puntuko aldea izan, bukaera arte hori lortzeko borrokatu behar dugu. Partiduz partidu joan behar gara, baina beti gora begira.

Sailkapeneko laugarrenak 8 puntuko aldea ateratzen dizuete.
Lehenengo sailkatua zuzenean igotzen da bigarren mailara eta bigarrenak promozioa jokatuko du. Hori da gure helburua, bigarren postuarengatik borrokatzea, ez da erraza izango baina nik konfiantza handia dut talde honetan eta lortzeko gai garela uste dut.

Hirugarren mailatik datorren talde baten helburua hori izan behar da, ezta?
Bai, denboraldi ona egiten ari gara, baina ez guk nahi genukeena bezain ona. Helburua betetzeko lanean jarraitu behar dugu.

Nola joan dira Aretxabaletako entrenatzaile bezala egin duzun lehenengo bi partiduak?
Bi partiduak oso gorroak izan dira, futbol gutxi egon da. Ohorezko mailako partidu gehienak horrelako izaten dira, zelai erdian joko gutxikoak. Oiartzunen kontra zerbait gehiago merezi genuela uste dut, baina azkenean puntu bat lortu genuen. Bergaran, berriz, lehenengo minutuetan bergararren menpe egon ginen eta gero euren mailara jartzea lortu genuen, eta etxetik kanpoko derbi batean puntu bat lortzea ez da emaitza txarra.

Zein da maila honetan emaitza onak lortzeko bidea?
Normalean Ohorezko mailan joko zuzena egin behar da, aurrelariek protagonismo handia dute. Estrategiak ere garrantzia handia du, futbol gutxi dagoenean estrategiaren bitartez golak lortu behar dira. 

Estrategia garrantzitsu bada, partiduan kontzentrazioa izatea ezinbesteko al da?
Bai. Oiartzunen aurka guk bi akats egin genituen eta eurek ondo aprobetxatu eta bi gol sartu zituzten. Akats horiek zuzentzen baditugu eta gure lana ondo egiten badugu partidu asko irabaziko ditugula uste dut. Oso garrantzitsua zen partidu hori ez galtzea eta azkenean hamar jokalarirekin puntu bat eskuratu genuen. Taldearentzako garrantzitsua zen eta baita niretzako ere.

Taldea bat izatea ere garrantzitsua izango da
Futbolean talde izaera garrantzitsua da eta maila honetan gehiago. Taldeak kontzentrazio falta izatea garesti ordaintzen da eta intentsitate gabe jokatuta berandu heltzen da baloietara eta horrek aurkariaren lana asko errazten du.

Infantiletik ohorezko mailara salto egin duzu. Igartzen da maila aldaketa?
Hasieran alebinak entrenatzen nituen eta hor gazteek futbolaz gozatu egin behar dutela uste dut. Alebinetatik kadete mailara izugarrizko aldea dago, intentsitatearekin entrenatzen da eta lehenengo kontzeptuak azaltzeko ordua izaten da. Gazte mailan, berriz, gure maila berdinean entrenatzen dute eta horietako askok lehenengo taldearekin entrenamenduak egiten dituzte.

Partiduak era desberdinean prestatzen dira?
Nik metodologia berdina erabiltzen dut. Aurkarien partiduak ikusten ditut eta informeak prestatzen ditut aurkariaren aurka jokatzeko. Nik badakit nire taldeak zer egiten duen ondo eta horren arabera ikusten dut nola irabazi aurkakoari. Aurkakoak baloia nola ateratzen duen jakitea, ze estrategia erabiltzen dituen, zeintzuk diren taldeko jokalari onenak… Hori jakinda samurrago prestatzen dira partiduak. Baina guk gure lana ondo egiten ez badugu horrek ez du ezertarako balio.

Nola ikusten dituzu hurrengo partiduak?
Lehenengo hiru partiduak oso zailak egokitu zaizkidala uste dut; Oiartzun, Bergara eta Tolosa gurekin batera daude sailkapenean eta futbol gutxiko partiduak dira. Taldearentzako partidu zailak izaten dira halakoak. Gero etxetik kanpo Berio eta Idiazabal ditugu, eta horiek errazagoak izatea espero dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak