Zaborraren gaineko argibideak emango dituzte

Mirari Altube Arrese 2011ko ots. 10a, 11:15

Sortu berri den Aretxabaleta Zero Zabor taldeak zaborraren gaineko sentsibilizazio eta hausnarketa kanpaina jarri gura du abian gurean. Horren haritik, datozen hiru domeketan (lehenengoa hilaren 13an, 18:30) zaborraren gaineko argibideak emango dituzte Herriko Plazan.

Iazko azaroan Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduak egindako Hondakinek badute irtenbidea hitzaldiaren ondoren elkartu dira hainbat herritar Aretxabaleta Zero Zabor taldea sortuz. "Hondakinen kudeaketa gero eta konplexuagoa dela ikusten dugu, gero eta material desberdin gehiago erabiltzen dugulako, eta batez ere, gero eta zabor gehiago sortzen dugulako", diote. Gainera, birziklatzen dela esan arren orokorrean hiri hondakinen %23 bakarrik biltzen dela gaika diote, "%85 inguru denean birziklagarria".

Horren guztiaren berri eman eta herritarrak hausnarketara bultzatuko dituzte datozen asteotan, domeka arratsaldetan (18:30) hain zuzen. "Zaborraren nolakotasuna –kopuruak, birziklatzen den portzentajea…–, sortzen dugun zaborrak non bukatzen duen eta zabor hori kudeatzeko moduaren inguruan informazioa emango dugu".

Lehenengoa hilaren 13an izango da, eta sortzen dugun zaborraren konposaketa zein den eta nola biltzen den erakutsiko dute, besteak beste. Gainera, hurbiltzen diren herritarrei erronka botako diete: "Aretxabaletan sortzen dugun zaborrarekin Iturrigorri pilotalekua lepo betetzeko zenbat denbora beharko genukeen galdetuko diegu".

Antzuolarekin bat

Ildo honetatik Debagoieneko mankomunitateak zaborraren kudeaketaren gainean hartutako erabakia begi onez ikusten dutela jakinarazi dute: "Antzuolan egin bezala Aretxabaletako Udalak ere erronka horri eutsiko diola espero eta nahi dugu".

Argibide gehiago gura dituenak edo taldearekin harremanetan jarri Facebook-en dauka aukera Aretxabaleta Zero Zabor bilatuta. Eta posta elektronikoa ere badute: aretxabaletazerozabor@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak