Gaztetxoen eskaerak entzun ditu alkateak

Mirari Altube Arrese 2010ko abe. 2a, 13:48

Udalak ekitatea lantzeko Kurtzebarri eskolako ikasleek egindako proposamenei erantzuna eman zien Inaxio Garro alkateak astelehenean egindako batzarrean, Eskola Agenda 21 barruan. Gaztetxoek eskaera gehiago egiteko aprobetxatu zuten tartea.

Iazko ikasturtea bukatu aurretik ekitatea lantzeko proposamenak egin zizkieten ikasleek Udal ordezkariei Eskola Agenda 21 egitasmo barruan. Proposamen horiek aztertu ostean, Inaxio Garro alkateak eta Joxe Anjel Antxia Ingurumen zinegotziak azalpenak eman zizkieten ikasleei astelehenean.

Etorkinak herrian integratzeko dauden bideen eta laguntzen berri eman zien –euskara ikasteko, lana topatzeko…– eta hirugarren adinekoek dituzten zerbitzuen berri. Interesik handiena, baina, gazteendako zerbitzuek piztu zuten. Aurretik egindako proposamen batzuk onartu zituen alkateak: jai egunetan 3x3 lehiaketak egitea; disko festa errepikatzea… Eta iragarri zuen datorren urtean froga gisa 14 eta 17 urte artekoendako Gaueko Aisialdia egitasmoa jarriko dutela abian hilean behin (22:00-01:00).

Gazteek eskaera gehiago egin zizkioten astelehenean, tartean skate parkea berritzea eta pilotalekua txukuntzea.

Zarata eta uhinak hurrengo gai

Kurtzebarri eskolako ikasleak hurrengo gaia lantzen hasiko dira orain: zarata, argi kutsadura eta uhin elektromagnetikoak. Lehenengo ikastetxean landuko dute gaia eta gero kalean. Hona mailako landuko dutena:

- Haur Hezkuntzan: zarata eta soinua aztertu ikastetxe inguruan.

- Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetan: zarata eta soinua ezberdindu eta iturriak ezagutu.

- Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetan: argi kutsadura.

- Lehen Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailetan: zarata herrian; herriko mapa akustikoa egin.

- DBHko lehen mailan: zirkulazioaren zarata (sonometroa) eta konponbideak.

- DBHko bigarren mailan: argi kutsadura: neurriak…

- DBHko hirugarren mailan: uhin elektromagnetikoak: herrian non dauden…

- DBHko laugarren mailan: uhin elektromagnetikoak: gure ohiturak…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak