Odoloste eta txistorra dastatzea gaur UDAren eskutik

Mirari Altube Arrese 2010ko aza. 26a, 11:24

Aretxabaleta Kirol Elkarteak dirua batzeko helburuarekin odoloste eta txistorra dastatzea egingo du gaur, hilak 26, (18:30-22:30). Mitarte kalean egiteko asmoa daukate, baina eguraldi txarra eginez gero Herriko Plazan izango da ekitaldia.

Durana kalean dagoen Bengoa harategiko odolosteak eta txistorra eskainiko dituzte: 28 kilo odoloste eta sei kilo txistorra. Harakinak jakinarazi du pikante puntua izango dutela odoloste horiek. "Astelehen guztietan egiten ditu odolosteak Ramonek, eta benetan goxoak dira", diote antolatzaileek.

Eta jatekoari lagun egiteko Luis Alegre eta Gomez de Segura upategietako ardo onduak eta Kataluniako Duran upategiko cava izango dituzte. Mokadutxoa edatekoarekin batera 2,50 eurotan egongo da eta jatekoa eta edatekoa bakarrik ere hartu ahal izango da euro eta erdian. Horrez gain, Gabonetarako atera duten loteria ere izango dute salgai kirol elkarteko kideek.

Aretxartek txartelak opari

Aretxarte merkatarien elkarteak bat egingo du UDAk antolatutako dastatze horrekin eta odolostea eta txistorra debalde hartzeko txartelak banatuko ditu gaur, bezeroen artean. Jatekoarendako bakarrik izango dira txartel horiek, edaria norberak ordaindu behar du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak