Mikel Galdos profesional mailan Gipuzkoako txapeldun

Xabier Urtzelai 2010ko ira. 22a, 13:04
Andoaingo Goiburu Golf zelaian jokatutako profesional mailako txapelketan gailendu da aretxabaletarra. Kolpeka Angel Rosillorekin berdinduta, araudiak ezartzen du berdinketaren aurrean azken bederatzi zuloetan lan txukunena egiten duenak irabazten duela, eta halaxe nagusitu da Galdos; gainera, euskal zirkuituko lehenengo postura salto egin du.

Andoaingo Goiburu golf zelaiko ezaugarriek zaildu egin dute, nahiz eta profesionalak izan, golf jokalarien lana, ohi baino akats gehiago eginda. Hala, Aretxabaletako Mikel Galdosek lortu du lehenengo postua, txapelketa estuan. Angel Rosilloren kontra berdinduta amaitu zuen txapelketa, baina azken txanpan lan hobea egin izana erabakigarria izan zen txapelketa eskuratzeko, eta bide batez, euskal zirkuituko lehen postura igotzeko.

Akats gutxiago eginda

Aretxabaletakoak txapelketako lehenengo itzulian ez zuen joko ikusgarririk erakutsi. Dezente hobeto ibili zen Rosillo, lehenengo bederatzi zuloetan berdie-ak eginda. Pedro Erice nafarrak ere beste horrenbeste egin zuen 8. eta 9. zuloetan, eta gerturatu egin zitzaion Rosillori. Galdosek ikusgarri jokatu ez, baina aukerekin jarraitzen zuen, akatsik egin barik. Hurrengo zuloetan egindako out-ek aukera barik utzi zuten Erice. 17. zuloan berdie-a egin zuen Aretxabaletakoak, eta bogey bat 18.enean. Egindako kolpe kopuruarekin (73 kolpe, par-etik 3 gora) Galdosek ez zuen irabaztea espero, baina lehen aipatu moduan, Goiburuko zelaian ohi baino akats gehiago egon ziren, Rosillok ez zuen bigarren itzuli ona egin (14. zuloan out bat, eta 17an put

motzean hutsegitea). Kolpe horiekin txapelketa irabazteko Rosillo derrigortuta zegoen 18.ean berdie egitera, eta ez zuen lortu, Aretxabaletakoarekin berdinduz. Aurreratu moduan, azken saioan hobeto ibilita irabazi zuen Galdosek.

Hurrengo hitzordua Izkin

Euskal zirkuituko lehenengo postua defendatzeko hurrengo hitzordua Izkin izango du Larrabeako jokalariak, urriaren 4an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak