Produkzio azalera handitzeko helburuarekin, eraikin berriak bi
solairu eta soto bat izango ditu. Ekoizpen lerroak eta berrikuntza
arloko proiektu berriak kokatzeko erabiliko dituzte solairuok, eta
sotoa, berriz, ibilgailuendako aparkalekuak egiteko. Modu horretan,
etorkizunari begira Copreciren presentzia berretsi egingo da
Aretxabaletan. Are gehiago, Copreciren egoitza nagusia Aretxabaletakoa
izango dela azaldu du Mendarozketak.
Bestetik, orain arteko langile kopurua mantendu eta, ahal den
neurrian bada ere, gehiago kontratatu nahi dituzte enpresa handituta.
Hala eta guztiz ere, hori etorkizunak markatuko duela azaldu dute.
Hiru milioi euro inguru erabiliko dituzte eraikina egiteko, eta,
lanok atzerapenik gabe badoaz, pabilioi berria 2011ko martxoan izango
dute prest. Azken urteotako egoera ekonomikoa kontuan hartuta, berri
ona da Copreciren handitzea. Etorkizunari begira ere baikor azaldu
dira, izan ere, kooperatiba bat sortu berri dute Nafarroan.