Artisau gutxiago baina jaki ekologiko postu gehiago

A.G. 2005ko ira. 26a, 10:38
Zapatuan egin zuten azoka aretxabaletarrek. 25 artisau eta 18 ekoizle ekologiko egon ziren. Euskal Herri osotik etorritako saltzaileak pozik zeuden salmenta gune oso ona delako.

Goizeko 11:00etan ez zegoen oraindik jende asko, baina 12:30 aldera ia txanda eskatu beharra zegoen zapatuan Aretxabaletako Artisau Feria eta XI. Azoka Ekologikoa ikusteko.

Durana kalean eta Herriko plazan zeuden banatuta postuok. Hamaikagarrengoz egin dute azoka ekologikoa eta dagoeneko erabat finakatuta dago. Hemezortzi ekoizle izan ziren zapatuan, iaz baino hiru gehiago. Aretxabaletarrak, tolosarrak, elgoibartarrak... Iparraldetik ere etorri ziren. Antolatzaileak pozik zeuden eta saltzaileak eurak ere bai. Elgoibarko Txillarre baserriko Pello Rubiok, esaterako, oso gustura joaten da Aretxabaletako azokara: "Gustura etortzen naiz. Asko saltzen da, gainera. Badira hau baino askoz handiagoak diren azokak, Donostian Santo Tomas egunean egiten dena, esaterako, baina ez da hemen bezain ondo saltzen. Jendeak begiratu egiten du, baina erosi gutxi".

Artisau gutxiago

Jaki ekologikoko postuek gora egin duten bezala, artisau postuek, berriz, behera. Halaxe azaldu zigun Larraitz Iñurrategi udaleko kultura laguntzaileak: "Hogeita bost artisau etorri dira, iaz baino zortzi gutxiago. Izan ere, gureak bat egiten du beste herri batzuetako azoka egunarekin eta ezin guztiak hona ekarri...".

Horiez guztiez gain, Loramendi Euskara elkarteko Tril emakume taldeak talo postua jarri zuen eta Arizmendikoek, berriz, Kilometroetako materiala saldu zuten.

Azokaz gain, San Migeletan beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izan dute aretxabaletarrek: herri bazkaria, kalejirak, Ibon Koteronen emanaldia, herri kirolak, Mus txapelketa, umeendako jolas parkea... Eta guztiari amaiera emateko, Mikel Deunaren kontzertua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak