Euskal mitologia hartu dute ardatz Literatura Topaketetan

Mirari Altube Arrese 2005ko api. 22a, 12:00
Apirilaren 25ean hasi eta astebetez Literatura Topaketak egingo dituzte Kurtzebarri eskolan. Euskal mitologia izango dute ardatz aurten, eta astelehenean, Arbasoen argi iraunkorra laburmetraia emango dute.

Urtero antolatzen ditu Kurtzebarri eskolak Literatura Topaketak. Irakur zaletasuna bultzatzea eta literatura jenero ezberdinekiko sentikortasuna garatzea dute helburu. Ikasleak izan arren protagonista, gurasoei eta herritarrei zuzendutako ekitaldiak ere egingo dituzte.

Laburmetraia abiapuntu

Euskal mitologia hautatu dute aurtengo topaketen ardatz. Abiapuntua Arrate Fernandez zinegile andoaindarrak egindako laburmetraia izango da: Arbasoen argi iraunkorra. Muru mendia eta Urkulu urtegi inguruan grabatutako laburmetraia da. Astelehenean, apirilak 25, emango dute laburmetraia. Lehenengo ikasleek ikusiko dute, eta 18:30ean gurasoendako eta herritarrendako emanaldia izango da. Arrate Fernandez bera etorriko da gainera, laburmetraiaren gainean berba egiteko. Zinegilea, soziologoa eta euskal gaietan aditua da Arrate.

Kondairak eta irteerak

Laburmetraian agertzen diren tokiak bertatik bertara ikustera joango dira ikasleak. Batzuk Galartzara, beste batzuk Murura eta Urkulura ere bai. Izan ere, leku horietan kokatutako ipuin grabaketak egin dituzte eurek ere. Txikienek, bestalde, sorgin erraldoia gertatu dute, eta nagusiek euskal mitologian oinarritutako kondairak kontatuko dizkiete.

Irakur Maratoia

Eguenean, apirilak 28, XIV. Irakur Maratoia egingo dute eskolako areto nagusian. Horren ostean, guraso talde batek, Literatura Topaketen bukaera ekitaldia eskainiko die bertaratutako guztiei; 18:30ean izango da.

Egubakoitzean, ostera, irteerak egingo dituzte Muru, Galartza eta Urkulu aldera Lehen Hezkuntzako ikasleek. Haur Hezkuntzakoek, eskolan bertan landuko dituzte ipuinak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak