Aretxabaletako Udalak aldatu egin du tranbiaren ibilbidea

A.G. 2005ko api. 18a, 18:00
Aretxabaletako Udalak herria zeharkatuko duen tranbiaren ibilbide alternatiboa aurkeztu dio Garraio eta Herri Lanetarako sailari. Durana kalea ez da ibilbide horretan agertzen, herri erdiguneko ibilbidea aldatu egin baitute.

Hortaz, tranbiaren ibilbide berria hauxe izango da: Santutxu aldean GI-3920 errepidetik sartu, Deba ibaiaren zubira iritsi baino lehen eskuinera biratu, eta Aramaiora egingo den errepide berriaren parean jarraituko luke. Handik aurrera, herri erdian sartuko da Lausitta kalean (etorkizunean Deba ibaiaren ertzetik egingo den oinezko pasealekuaren parean) eta Belorrieta auzoan zubi batetik gurutzatuko du ibaia. Gune horretan, ibilbide berria Belorrieta ibilbidetik eta Nafarroa eta Loramendi kaleetatik joango da Eskoriatzaraino (Araba ibilbidetik aurrera) hasieran aurreikusitako proiektuari jarraituz.

Etxebizitzen erruz

Udaleko iturriek azaldu dutenez, tranbiaren ibilbidearen aldaketa herrian egingo diren 550 etxebizitzen proiektutik dator. Udalak aurkeztutako alegazioetan jasotzen da ibaiaren ezkerraldean dagoen 2b sektoreko planak jasotzen duen etxe proiektua, eta horrekin batera herriak izango duen hazkundea. Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu barik duen proiektua den arren, Udal gobernuak uste du onartu egingo duela.

Arrasaten 23 alegazio

Tranbiaren ibilbideari Arrasateko herriak 23 alegazio egin dizkio; auzotar askok elkarrekin aurkeztu dituzte alegazioak. Bestalde, aipatzekoak dira Musakolako Zubiondo etxeko jabeek eta San Andresko Takolo baserrikoek egindakoak; izan ere, biak bota egingo lirateke gaur egungo ibilbideari eutsiz gero.

Udalak 5 alegazio aurkeztu ditu, tartean, Mugarrietan geralekua egiteko eskaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak