Urrezko intsigniak Kepa Azkue eta Erik Gartzia jokalariendako

Mirari Altube Arrese 2005ko api. 8a, 12:34
Urrezko intsignia jasoko dute apirilaren 10ean, domeka, UDA taldeko Kepa Azkue eta Erik Gartzia futbol jokalariek. Arrazoia da 10 urte egin dituztela preferente mailako taldearekin. Intsignia jarri ostean, derbia egongo da, 16:30ean, Ibarra futbol zelaian: Mondra izango dute aurrez aurre aretxabaletarrek.

Hamar urte egin dituzte preferenteko taldean Kepa Azkue eta Erik Gartzia jokalariek. Hori eskertzeko eta oroigarri gisa urrezko intsigniak jarriko dizkie Aretxabaleta Kirol Elkarteko zuzendaritza batzordeak. UDAk eta Mondrak jokatuko duten derbia baino lehen izango da ekitaldia.

Kepa Azkue Antiguoko taldean hasi zen jokatzen 1984an. Handik Realera pasatu zuten, eta gero beste horrenbeste taldetan jokatu zuen: Mutriku, Alaves (90etik 92ra bitartean profesional mailan), Mondra eta azkenik UDA. Erik Gartzia, ostera, 89an hasi zen Almeneko kadeteen mailan, eta gainerako urteak UDAn egin ditu.

UDAko zuzendaritza batzordearen esanetan, sari horrek ez du esan gura erretiratu egingo direnik, norberaren erabakia izango da hori.

Urrezko intsignia

Aurten arte 10 urte egiten zituenak preferenteko taldearekin zilarrezko intsignia jasotzen zuen. UDAk egindako azken batzarrean, baina, aldatu egin zuten erabakia. Zilarrezkoa 7 urte egiten dituenari emango diote, eta urrezkoa 10 egiten dituenari.

UDAren historian hainbat futbol jokalarik jaso dituzte intsigniak:

  • Jabier Igartua (12 urte)
  • Isidro Calvo (12 urte)
  • Roberto Etxeandia (12 urte)
  • Jesus Mari Antxia (11 urte)
  • Cesar Fernandez de la Heras (11 urte)
  • Eugenio Arriola (10 urte)
  • Joseba Arana (10 urte)
  • Jon Ander Larrinaga (10 urte)
  • Jon Arriola (10 urte)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak