Eguzki plakak jarri dituzte kirol etxean

Aretxagazeta 2005ko mar. 23a, 17:07
Eguzki plaka fotovoltaikoak jartzen ibili dira egunotan kirol etxean. Eguzkiak sortzen duen energiari etekina atera gura diote plakekin, eguzkiaren indarra energia elektrikoan birmoldatuz. Kurtzebarri eskolan ere badituzte horrelako plakak.

Kirol etxearen aurreko aldean, fatxadan, jarri dituzte eguzki plakak; guztira lau instalazio. Instalazio hauek panel fotovoltaikoz daude osatuta eta hauek, ere berean, siliziozko zelulez. Sistema honek, energia elektrikoan birmoldatzen du eguzki energia. Plaka fotovoltaikoek 5 kilowatio ekoiztu dezakete egunean. Kalkulatu dute urtean 2.000 eta 2.500 kilowatio sor dezaketela.

Aretxabaletako Udalak eta EVEk, Energiaren Euskal Erakundeak iaz sinatu zuten eguzki plakak jartzeko hitzarmena. Gastuak erdibana egitea erabaki zuten orduan. Horrela, Kurtzebarri eskolan azaro aldean jarritako instalazioa Eusko Jaurlaritzak ordaindu du, eta kirol etxekoa, ostera, Udalak. 36.000 euroko kostua du eguzki plaka fotovoltaiko bakoitzak. Kirol etxeko sarreran, gainera, eguzki energiari buruzko informazioa eta gainerako energia berriztagarriei buruzko informazioa eta datuak jasotzen duten panel handi batzuk jarriko dituzte, eta bertan, kirol etxeko eguzki plakek une oro, minutu oro, zenbat energia ekoizten dabiltzan ikusteko aukera egongo da.

Kurtzebarri eskolan zein kirol etxean jarri dituzten eguzki plakei jarraipena egingo die Udalak, eta emaitzen arabera, herriko beste toki batzuetan jarri edo ez aztertuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak