Gertu dago Andramaixetako egitaraua

Mirari Altube Arrese 2004ko uzt. 22a, 15:10
Herritarrek oporrak hartu eta kanpora joan aurretik banatuko du Kultura Sailak Andramaixetako egitaraua. Berrikuntza askorik ez dugu izango jaietan, baina jai giroa, umorea eta zer ikusia ez dira faltako abuztuaren 14tik 17ra.

Oraindik hiru aste falta dira herriko jaietarako, baina Kultura Sailak gertu dauka egitaraua. Jai batzordearen laguntza izan du ekitaldiak gertatzeko orduan, eta adin eta gustu guztiak kontuan izaten saiatu dira.

Txupinazoa aurreratuta

Andramari bezperako ekitaldiek emango diete hasiera jaiei abuztuaren 14an. Aurten, baina, aurreratu egin dute Ikurrinari agurra eta txupinazoa eta 19:00etan izango dira, herritarrak mezetara joan aurretik. Gainerakoan, ez da aldaketarik egongo.

Ikuskizunak

Aurtengo ekitaldien artean aipagarrienak T’ombligo antzerki taldearen Katxi-batxe de cuccina antzezlana, eta Xukan taldearen Iturrian zer dago? ikuskizuna dira.

T'ombligo talde nafarrak dantza eta clowna nahasten ditu, baita zirkuan erabiltzen diren akrobaziak, orekak, malabareak… Durana kalean izango da ikuskizuna abuztuaren 15ean, 19:00etan.

Xukan taldeak, bestalde, 2002an aurkeztu zuen Iturrian zer dago? ikuskizuna. Bost dantzarik, bi trikitilarik eta bi bertsolarik hartzen dute parte, eta Andramaixetan Iñaki Murua eta Alaitz Sarasola bertsolariak etorriko dira. Dantza, trikitixa eta bertsolaritza batzen dituen ikuskizuna da, eta hiru gaiak bakarka zein nahastuta azalduko dituzte. Betiko fandango eta arin-arinarekin batera koreografia berriak eta erritmo ezagunak nahasten dituzte. Antzinako labadero baten arropa garbitzen dabiltzan ama-alabek eta baserritik feriara bidean muturra ondo berotuta ur tragoxka bat hartzera doazen aita-semeek egingo dute tril. Gizon-emakume horien arteko sedukzioa izango da gai nagusia eta bertsoen bitartez maitasun jolasei emango diete hasiera. Andramari egunean, abuztuaren 15ean, izango da ikuskizuna herriko plazan, 22:30ean.

Andramari bigarrenean, ostera, doinu eta dantza afrikarrak izango ditugu kalean Djambutu Thoissane taldearen eskutik. 17 lagunek osatzen duen taldea da eta afrikako dantzen ikuskizun bikaina eskainiko dute lehenengo kalean eta gero plazan.

Kirolak nagusi Andramari bigarrenean

Andramari bigarrenean, abuztuaren 16an, Leintz bailarako 66. itzulia egingo dute. 10:00etan aterako dira txirrindulariak Durana kaletik, eta bertan bukatuko dute 12:45 inguruan. Elite mailako eta 23 urtez azpiko txirrindulariek hartuko dute parte. Hainbat bira egin beharko dituzte bailaran eta Arlabango mendatea bi aldiz igoko dute. Lehenengoan, gainera, Legutioraino joango dira eta gero Kurtzetako mendatetik Aramaiora etorri. Guztira 120 kilometro izango dira, eta antolatzaileek 12:45 inguruan bukatuko dutela lehenengoek aurreikusi dute.

Ibilbide luzea dauka Leintz bailarako itzuliak Aretxabaletan. 1932an antolatu zuten lehenengo aldiz, eta Euskal Herriko itzulirik zaharrenetakoa izango da seguru asko. Gerra garaian, 1936tik 1942ra bitartean, ez zuten antolatu, baina gainerakoan urtero egin dute Andramaixetan, abuztuaren 16an hain zuzen. Txirrindulari oso onak hurreratzen ziren gainera, gurera, profesionalak gehienak, eta herritarrek bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten zuten: Dalmacio Langarika, Francisco Exposito, Ruben Gorospe… Ibarrean ere izan ditugu txirrindulari onak, eta Andramaixetako lasterketara hainbat aldiz parte hartu izan zuten: Jose Mari Goikoetxea 1960ko txapelduna eta Pedro Guenetxea 1962koa biak eskoriatzarrak; eta Mikel Lizarralde 1981eko garailea eta Markel Irizar 2001ekoa biak oñatiarrak.

Koadrilen eguna

Azken eguna koadrilek girotuko dute eta giro onena jarri dutenek sariak izango dituzte egunaren bukaeran. Herri bazkarira urtetik urtera jende gehiago hurreratzen da, eta aurten ere ez dira faltako aretxabaletarrak paella jateko.

Andramaixetako egitaraua

Abuztuak 14, Andramari bezpera:

  • 16:00etan, kanpai jotzea.
  • 16:30ean, XXV. Mus Txapelketa Herriko plazan. Izen ematea 15:30etik 16:15era 18 euro ordainduta.
  • 17:00etatik 20:00etara, haurrentzako parkea plazan.
  • 19:00etan, ikurrinari agurra eta txupinazoa udaletxean. Ondoren buruhandi eta txistularien kalejira.
  • 19:30ean, meza eta ondoren Amabirjinaren Bederatziurrenaren bukaera eta Agur Erregina ospetsua.
  • 22:30ean, Etxabe anaiekin dantzaldia plazan.
  • 23:00etan, XIX. Bolo Txapelketa. Izen ematea 6 euro.
  • Arratsaldetik gauera arte inguruko herrietako rock taldeen kontzertuak txosnetan.

Abuztuak 15, Andramari eguna:

  • 10:00etan, txistulariekin diana.
  • 11:00etatik 13:00etara, haurrentzako parkea plazan.
  • 12:00etan, meza nagusia. Udalbatza ere joango da txistularien laguntzarekin.
  • 13:00etan, Chamuyo taldeak tango eta latindar dantzen erakustaldia egingo du plazan.
  • 17:00etatik 20:00etara, haurrentzako parkea plazan.
  • 19:00etan, T'ombligo antzerki taldeak "Katxi-batxe de cuccina" antzezlana aurkeztuko du kalean.
  • 22:30ean, Xukan taldearen eskutik "Iturrian zer dago?" ikuskizuna plazan.
  • 24:00etan, Haitzama taldearekin dantzaldia Mitarte kalean.
  • 24:00etan, suzko erruberak Zaragozana pirotekniaren eskutik.

Abuztuak 16, Andramari bigarrena:

  • 10:00etan, Leintz bailarako 66. txirrindulari lasterketa. Elite mailako eta 23 urtez azpiko gazteek hartuko dute parte.
  • 11:30ean, herriko gazteen pilota partiduak Iturrigorri frontoian.
  • 13:00etan, txirrindulari lasterketaren sari banaketa.
  • 13:00etatik 15:00etara, haurrentzako parkea plazan.
  • 17:00etan, bolo txapelketa 16 urtetik beherakoendako.
  • 18:00etan, sokamuturra Durana kalean.
  • 18:00etan, haurrentzako parkea plazan.
  • 19:30ean, Djambutu Thoissane taldearen kalejira.
  • 22:30ean, profesionalen pilota partiduak Iturrigorri frontoian. Lau t'erdi barruan Azpiroz-Saralegi. Ondoren, Olaizola-Otxandorena Koka-Zearraren aurka. Sarrera 10 euro.
  • 24:00etan, Djambutu Thoissane taldea plazan.

Abuztuak 17, koadrilen eguna:

  • 11:00etan, txistulariekin diana.
  • 11:30ean, sokamuturra Durana kalean.
  • 12:30ean, Hankagorri taldearen eskutik Munduko arrautzarik handiena kalean.
  • 14:30ean, herri bazkaria. Paella erraldoia eta "te de los puertos" doan plazan.
  • Bazkal ostean, herri jolasak Kulki taldearekin 16 urtetik beherakoendako Kurtzebarri eskolako kantxan, eta Gazte Ekimenarekin 16 urtetik gorakoendako. Ondoren batukada.
  • 17:00etan, Baralde txaranga kalean.
  • 18:00etan, sokamuturra Durana kalean.
  • 19:30ean, erraldoi eta buruhandien kalejira txarangak lagunduta.
  • Ondoren, koadrilei sari banaketa.
  • 21:30ean, txaranga kalean.
  • 23:00etan, Iratxo taldearekin dantzaldia plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak