Arau subsidiarioak aldatu zituztenean 385 etxebizitza egitea aurreikusi zuten Deba errekaren beste aldean, 2b sektorean; orain, ostera, igo egin du Udalak kopuru hori, eta 428 izango dira eraikiko dituztenak.
Bruesa enpresarekin hitzarmena
Udalak eta Bruesa enpresa sustatzaileak hitzarmena sinatuko dute datozen egunetan errekaren beste aldean etxebizitzak egiteko. Hori onartu zuen udalbatzak osoko bilkuran: PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen, gainerako guztiek baiezkoa eman zioten. Hala ere, Aralarreko zinegotziek hainbat kezka agerrarazi zituzten, tartean etxe kopuruari dagokiona, eta Arritxu Oliden alkateak guztiei eman zien erantzuna. Kopuruaren gainean, Foru Aldundiak ez duela inolako trabarik jarri arau subsidiarioetan jasotakoa baino etxebizitza gehiago egiteko adierazi zuen.
Era guztietako etxebizitzak
Datozen urteotan egingo dituzten 428 horien artean era guztietako etxebizitzak egongo dira:
- 100 babes ofizialekoak
- 185 Udalak finkatutako preziodunak
- 45 sustatzailearen eskuetan geratuko dira lursailen jabeendako
- 80 prezio libredunak
- 18 familia bakarrekoak edo txaletak
Hasiera baten %65 izango zirela babes ofizialekoak esan bazuten ere, orain portzentaje hori babes ofizialekoen eta finkatutako prezioa dutenen artean banatu dute.