III. Mendi Martxa egingo du Murrukixo MEk domekan

Mirari Altube Arrese 2004ko eka. 10a, 13:11
Domekan, ekainak 13, egingo du Murrukixo Mendizale Elkarteak bi urtean behin antolatzen duen mendi ibilaldia. 07:30ean aterako dira mendizaleak Copreci lantegiko aparkalekutik, eta 28 kilometro izango dituzte aurrez aurre.

Domekan egingo du Murrukixo MEk III. Mendi Martxa. Herritar askok parte hartzea espero dute, eta kanpotik ere etorriko dira mendizaleak.

Coprecitik Kurtzebarrira

Behar bezalako oinetakoak gertatu, motxilan edaria sartu eta ez da besterik behar Murrukixoko kideek domekarako gertatu duten ibilbidea egiteko. 28 kilometro ditu, eta paraje zoragarriekin gozatu ahal izango dute parte-hartzaileek: Urkulu, Ugaztei, Degurixa, Alabita, Kurtzebarri, Mendiola eta Aretxabaletara buelta. Ezkutuko txokoren bat ezagutuko du aretxabaletar batek baino gehiagok.

Aurten Copreci lantegiko aparkalekuan jarri dute irteera, 07:30ean, Urkulura bidegorritik igotzeko; gainerakoan, orain bi urteko ibilbide bera da, bidexka batzuk edo beste aldatu badituzte ere. Bidean indar barik ez geratzeko, bestalde, hamarretakoa egiteko bi leku jarriko dituzte antolatzaileek: Ugazteiko Santi Kurtzeko ermitan (hasi eta 8 kilometrora) eta Leixargarateko aterpetxean (20 kilometrora). Gura beste janari eta edari aurkituko dituzte bietan ere. Erizainak egongo dira, gainera, ibilbideko hainbat puntutan, norbaiti edozer gertatzen bazaio ere.

Ohiturari jarraituz, bukatzen dutenei diplomak banatuko dizkiete, eta parte-hartzaile guztien artean mendi materiala zozketatuko dute.

Nor bere erritmora

Orain bi urte, II. Mendi Martxa egin zutenean, 356 lagunek eman zuen izena. Gehienak aretxabaletarrak eta inguruko herrietakoak izan ziren, baina Bilbotik eta Oreretatik etorritakoak ere egon ziren. Aurten ere parte-hartzaile ugari izango direlakoan daude antolatzaileak. Uste dute lehenengo mendizaleek bost ordu eta erdi beharko dituztela ibilbidea egiteko, eta azkenek zortzi ordu. Hala ere, ez da lehiaketa izango, nor bere erritmoan joango da ibilbidea egiteko eta lagun artean parajeekin gozatzeko. Domeka goizetan mendi bueltatxoa egiten duen edonork egiteko moduko ibilbidea gertatu dute antolatzaileek aurten ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak