Aretxabaletan %43k egiten du euskaraz kalean

Mirari Altube Arrese 2004ko mai. 20a, 14:40
SEI kultur elkarteak euskararen kale erabileraren gaineko neurketa egin zuen azaroan. Orduan jasotako datuen emaitzak eman dituzte orain, eta horien arabera Aretxabaletan %43k egiten dute euskaraz kalean. 2001 eta 2003 artean 12 puntu jaitsi da erabilera.

Udaleko Euskara Sailak aginduta egin zuen kale neurketa SEI kultur elkarteak azaroan. Zazpigarren kale neurketa izan da.

Ez da %43ra heltzen

Herritarrek kalean euskaraz egiten duten edo ez neurtu zuten SEIko bi kidek. Behaketa zuzen bidez egin zuten, hau da, 5 egunetan 2 orduz kalean gora eta behera ibilita. Sexua, adin tartea eta zona bereiztu zituzten, gainera. Azterketa egin zutenean, 6.018 biztanle zituen Aretxabaletak eta 2.899 hiztun neurtu zituzten, hau da, %48. Jasotako emaitzen arabera, kalean euskaraz egiten duten herritarren kopurua ez da %43ra heltzen. 1989an egin zuten lehen kale neurketa Aretxabaletan, eta 1989tik 2001era bitartean gora egin zuen euskararen erabilerak. 2001etik 2003ra bitartean, ostera, jaitsi egin da, 12 puntu jaitsi ere.

Zona eta adina

Azterketa egiteko herriko hainbat leku aukeratu zituzten. Hona euskaraz egiten zutenen portzentaiak:

  • Futbol zelai inguruan %71
  • Ludoteka inguruan %61
  • Egubakoitz gaueko giroa plaza inguruan %60
  • Herriko erdialdean %30
  • Azokan %18

Adin taldeen arabera:

  • Haurrak eta gazteak %58
  • Helduak eta adinekoak %33

Gazteen erabilera herrikoaren gainetik dago, hortaz, itxaropentsua da hori; hala ere, 2003an egindako neurketa horretan jaitsi egin da erabilera adin tarte guztietan: haurretan, esaterako, 18 puntu eta adinekoetan 25.

Euskararen ezagutza

Euskararen ezagutzaren gaineko datuak ere eman zituen SEI elkarteak, nahiz eta hori ez aztertu eurek. Datu horien arabera:

  • Euskaraz dakiten aretxabaletarrak %65
  • Ia dakitenak %17
  • Erdaldunak %18

Kezka sortu duten datuak haurren gainekoak izan ziren; izan ere, azken 5 urteotan lau puntu jaitsi da haurretan euskararen ezagutza maila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak