Herrian gazteendako dagoen hutsuneari erantzuna emateko helburuarekin sortu dute Aretxabaletako Gazte Ekimena.
Prentsaurrekoan herriko koadrila desberdinetako 40 bat lagun elkartu ziren. Horiek AGEk bilera bitartez funtzionatuko duela jakinarazi zuten. Hilean behin elkartzen dira, eta bertan, edonork eman dezake bere iritzia. Ez dago hierarkiarik, beraz, erabakietan guztien botoa hartuko da kontuan.
Printzipioz ekimenak bere egin duen arduretako bat, jaien antolakuntzari dagokiona izan da. Gustuko jaiak izateko asmoz, konpromiso berezia hartu dute. Hala, jai batzordean parte hartze aktiboa izango dutela jakinarazi zuten.
AGEkoak hilabete bakoitzeko azken egubakoitzean elkartzen dira, 20:00etan, udaletxe zaharrean. Bileretara herriko gazte guztiak daude gonbidatuta.