Batzorde berria aurkeztu zuen atzo UDA kirol elkarteak

Mirari Altube Arrese 2004ko mai. 7a, 15:05
Atzo, maiatzak 6, egin zuen batzarra UDA kirol elkarteak bazkideekin. 20 bat lagun elkartu ziren, eta zuzendaritza batzorde berria aurkeztu zuten. Baita aurrera begira dituzten asmoen berri eman ere.

Urte askoan zuzendaritza batzordea ezin berrituta ibili ostean, atzo, maiatzak 6, bost lagunek osatzen duen taldea aurkeztu zuen Aretxabaleta Kirol Elkarteak, UDAk. Jokin Antxia izango da presidentea; Anjel Mari Etxabe presidente ordea; Agurtzane Elkoro idazkaria; Anjel Zubillaga diruzaina eta Jabier Mar oinarrizko futbolaren arduraduna. Taldea, hala ere, zabalik dagoela aipatu zuten, eta beste taldeetako ordezkariak gurako lituzketela gaineratu; guztira 12 bat lagun.

Aurrera begira

Orain arte UDAk izan duen lan egiteko erarekin jarraituko du batzorde berriak.

  • Futbolari dagokionez, lehenengo urteetako gaztetxoekin ondo lan egin behar dela esan zuten gero aurrera egin dezaten. Maila bakoitzean bi talde izatea gura dute, horrela gazte guztiek izan dezaten jokatzeko aukera, onak izan edo ez. Nahiz eta zuzendaritzari dagokion arazoak konpondu, beste asko agertuko direla aipatu zuen Jokinek: arbitro falta, entrenatzaile egokien beharra…
  • Pilotaren kasuan, taldearen egoera zein den aztertuko dute, arazoen berri jaso eta aurrera egiteko konponbideak topatu.
  • Txirrindularitzan dagoen arazoa ere gertutik jarraitu gura dute, eta bai taldearekin, bai txirrindularitza eskolakoekin egingo dute berba.
  • Mendiaren kasuan, Leixargarateko aterpetxea UDAk gestionatzen du, eta horretan jarraituko dute. Ondarea mantendu eta zaindu egingo dute horretarako behar dituen konponketak eginez.
  • Eskola kirolari dagokionez, Leintz Bailarako Kirol Proiektuarekin lankidetza bultzatzea gurako lukete, gerora ere lanean jarraitzeko gazteekin.
  • Bazkideak zenbat eta gehiago izan hobeto; hala ere, ez dute momentuz kanpainarik aurreikusi.
  • Udalarekin harremanak mantendu gura dituzte. Udalak futbol zelaiaren gainean proposatutako hitzarmena batzorde zaharraren eta berriaren artean berba eginda sinatuko dute. Futbol zelaia erabiltzeko orduan kirol federatuak du lehentasuna, gero eskola kirolak eta azkenik, aisialdiko kirolak. Futbol zelaiko taberna berritzeko lanak egingo dituzte uda partean, aurtengo Udal aurrekontuan hala jasota dago-eta. Irail inguruan, gainera, kirol instalakuntzen mantentze lanak egingo dituen lanpostua aterako du Udalak.
  • Liberatu baten beharra dagoela nahiko argi daukate, elkartearen gestio lanetan laguntzeko eta kargak kentzeko batzordeko kideei. Aurrerago aztertuko dute.
  • Eskerrak eman beharra dagoela ere aipatu zuen Jokinek, jende askok egiten duelako lan borondatez UDAn.

Elkartearen batzar orokorra ekainaren bukaera aldera egingo dute. Orduan zuzendaritza batzorde zaharrak kontuak itxiko ditu, eta berria lanean hasiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak