Manuel Lekuona saria jasoko du zapatuan, maiatzak 8, Jesus Atxak

Mirari Altube Arrese 2004ko mai. 4a, 18:06
Manuel Lekuona saria emango dio Eusko Ikaskuntzak zapatuan, maiatzak 8, Jesus Atxari. Aretxabaletan jaioa, gaztetan herritik alde egin eta han eta hemen ibilitakoa da Jesus. Euskararen alde lan handia egin du, eta orain, horixe eskertu gura diote.

Iruñean emango diote zapatuan saria. Euskararen eta euskal kulturaren alde urte askoan egindako lana eskertuko dio Eusko Ikaskuntzak.

Aretxabaletan jaioa

Aretxabaletan jaio zen Jesus orain dela 84 urte. Hala ere, gazte-gazte zela alde egin zuen herritik, lehenengo Durangora Jesuitek zuten ikastetxera, eta 36ko gerra hasi zenean Belgikara. Handik Kolonbiako hiribururantz egin zuen, Bogotara, nobiziatu berria zabaldu behar zutelako. Han jesuiten ikasketak utzi, eta Filosofia eta Letretan lizentziatu zen. Bogotatik Caracaserantz egin zuen gero, euskaldun gehiago zegoelako, eta 1945ean Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen.

Ameriketatik itzuli ostean, Elorrion izan zuen bizilekua, eta 60ko hamarkadan euskarazko eskolak ematen hasi zen. 1964an Bilboko Edili kultur elkartera joan zen lanera. Handik aurrera ikastolen jarduna bultzatzen ibili zen Bizkai aldean. 1970ean, Iruñeko San Fermin ikastola zuzentzea eskatu zioten, eta horretan ibili zen 1984an erretiratu arte. Orduz gero Iruñean bizi da. Leku askotan ibilitakoa bada ere, beti esan izan du Aretxabaletan pasatako umetako oroitzapen gozoak dituela; oraindik aretxabaletar asko ditu gogoan.

Mendibururen brontzezko eskultura

Manuel Lekuona saria 1983an hasi zen ematen Eusko Ikaskuntza, eta ordutik hona urtero saritu ditu euskal kulturaren alde lanean dabiltzanak. Saria jaso dutenen artean daude, besteak beste, Jorge Oteiza, 1996an, eta Jose Maria Jimeno Jurio, 1998an. Remigio Mendiburuk egindako brontzezko eskultura jasoko du zapatuan, Jesusek, Iruñean egingo den ekitaldian; eta bere bio-bibliografia batuko duen liburua argitaratuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak