Kultura Sailak beti antolatu gura izaten ditu kultur ekintzak maiatz inguruan. Aurten ere halaxe egingo du, eta antzerkiak izango dira nagusi hurrengo hilabetean.
Egitaraua
Maiatzaren 16an Otala Zelai eguna ospatuko dugu. Hori aitzakia hartuta eta hilabetea borobildu guran beste kultur ekitaldi batzuk antolatu ditu Udaleko Kultura Sailak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.
- Maiatzak 6, eguena: Hitzak patriketan antzezlana ikusiko dute 3 eta 8 urte bitarteko umeek Kurtzebarri eskolan. Iñaki Beraetxe eta Aitzpea Goenaga dira aktoreak, eta izenen, zenbakien eta koloreen magia aurkitzeko hiru ipuin kontatuko dizkiete, irudimenez eta umorez betetako ipuinak, hain zuzen.
- Maiatzak 13, eguena: nagusiek izango dute antzerkia ikusteko aukera. Mikel Laskurain eta Teresa Andonegi aktoreek Arrautza delikatuak antzezlana eskainiko dute udaletxe zaharrean. Absurduan oinarritutako antzezlan horrek bi pertsonaiaren arteko gorabeherak aurkeztuko dizkigu, komikotasuna nagusi izango dela.
- Maiatzak 20, eguena: asmaren gaineko hitzaldia antolatu dute. Krisi berriak nola saihestu azalduko du Karmele Benito del Vallek. Medikuntzan lizentziaduna da Karmele, psikoterapia, homeopatia eta familia medikuntzan espezializatua.
- Maiatzak 28, egubakoitza: Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlana eskainiko du Gorringo taldeak. Andramaixetan herritar asko hura ikusi ezinda geratu zela-eta ekarri du Kultura Sailak bigarren aldiz. Oraingoan kirol etxean izango da emanaldia, eta 6 euro ordaindu beharko da aurrez, edo 8 egunean bertan.
- Ekainak 10, eguena: Donato Goyeneche perkusio joleak eta Agurtzane Elustondo trikitilariak kontzertua eskainiko dute.