Otsailean bete zuen agustindar elkarteak 100 urte Aretxabaletan, otsailaren 9an, hain zuzen. Arrasatetik etorri zen elkartea, 16 mojak osatzen zuten elkartea. Otalora bainuetxea erosi zuten lursail eta guzti 75 mila pezeta ordainduta, eta bertan izan zuten egoitza urte askoan. 1957an eskolak ematen hasi ziren herriko neska-mutikoei, eta ia 50 urte pasatu ostean, aurtengo ikasturtea izango dute azkena.
Otsailean ez zuten mendeurrenaren inguruko ospakizun berezirik egin, baina urteurrenak merezi duela ikusita hainbat ekitaldi egingo dituzte; lehena bihar, zapatua, izango dute.
Loiuko Eskolako abesbatza
Mendeurrena ospatzen hasteko Loiuko agustindarren Andres de Urdaneta ikastetxeko abesbatzaren emanaldia izango dute. 9 eta 13 urte bitarteko haur eta gaztetxoek osatzen dute abesbatza. Zuzendaria Montserrat Santaren da, Portugaleteko Santa Klara musika eskolako irakaslea eta koordinatzailea Carlos Santaliestra agustindarra eta ikastetxeko irakaslea. Urtean zehar musika ekitaldi askotan hartu dute parte: Valentzian, Zaragozan, Bilboko Arriaga antzokian, baita nazioarteko emanaldietan ere. Egitaraua aldatzen eta egokitzen joan dira azken urteotan, eta hainbat hizkuntzatan abesten dute: euskaraz, italieraz, ingelesez, afrikar hizkuntzetan
Zalantza barik emanaldi polita eskainiko dute aipatutako abeslariek bihar, zapatua, 18:00etan, agustindarren komentuan.