Lurralde Zatiko Planaren gaineko mozioa onartu du Udalak

Mirari Altube Arrese 2004ko urt. 15a, 13:42
Urtarrilaren 12an egin zuen udalbatzak urteko lehenengo osoko bilkura. Lurralde Zatiko Planaren gaineko mozioa onartu zuten, baita euskal presoen egoeraren gainekoa ere.

Mozio bi aurkeztuta hasi zuten ohiko osoko bilkura, eta horren ostean, lau gai erabaki zituzten. Galdera eta eskarien atalean udal aurrekontua izan zuten hizpide.

Mozio bi

Euskal presoen egoeraren gaineko mozioa aurkeztu zuen Gobernu batzordeak. Silvia Camporro PPko zinegotzia ez zen bat etorri mozioan esandakoarekin: Euskal Herritik kanpora bizi izatera joan behar izan dutenak eta ETAk hildakoak ere kontuan hartzeko eskatu zuen. Horren harira, giza eskubide guztien aldeko mozioa aurkeztera konprometitu zen alkatea.

Bigarren mozioa Lurralde Zatiko Planaren gainekoa izan zen. Udalak gestioen berri emateko konpromisoa hartu zuen, eta herritarrek eztabaidatzeko eta parte hartzeko aukera izan dezaten gura dute. Arritxu Olidenek adierazi zuen ibarreko alkate batzuk Sabin Intxaurraga sailburuarekin batzartu direla, eta hark esan ziela herritarren iritziak kontuan hartuko dituztela.

Saneamendu lanak

Gainerako gaiei dagokienez, saneamendu eta hornikuntza plan bereziaren gainekoa izan zen garrantzitsuena. Zaraia eta Aralar kaleetan egingo dituzte lanok, eta Amenabar eraikuntza enpresa aukeratu dute. Bost hilabete izango ditu horretarako, eta ia 800 mila euroko aurrekontua.

Bukatzeko, udal aurrekontua aipatu zuten. Ogasun Sailak zirriborroa eman zien zinegotziei, eta astebete izango dute iradokizunak aurkezteko. Aralar alderdiko Xabier Sarasua ez zen guztiz bat etorri; lau urtera begirako aurrekontu adostua egitearen alde azaldu zen hura. Hala, alkateak ziurtatu egin zion Xabierri horrela izango dela hurrengoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak