Omenaldia egin zioten Bixente Etxeandiari

Amagoia Lasagabaster 2003ko abe. 12a, 13:50
Horrenbeste urtean egindako lana eskertzeko omenaldia egin zioten abenduaren 13an, UDAko presidente Bixente Etxeandiari. Jose Mari Arkauz ohorezko ligako gazteen ordezkariaren ekimenez, egitarau berezia gertatu zuten.

Omenaldi ekitaldia 17:00ak inguruan hasi zuten, lehenengo mailako gazteek partidua amaitu zutenean. Orduan, futbolzelai erdian ohorezko pasilloa eginez egin zioten ongietorria Bixente Etxeandiari. Akordeoi eta pandero jotzaileen musikarekin alaituta, garaikurra eta lore sorta eman zizkioten UDAko presidenteari. Horrez gain, Mendiolako erretegian bazkari ederra opari egin zioten. Bukatzeko, ohorezko ligako partidua jokatu zuten gazteek.

Jose Marik gura zuen lagun arteko festa izatea omenaldi eguna. Horretarako, zotz egiteko ohiko txuletak egon beharrean, herriko dendek emandako hiru otar jarri zituzten. Herritar guztiak gonbidatu zituzten ekitaldian parte hartzera.

Curriculuma

Futbol jokalaria

Bixente Etxeandia Arregi UDAn hasi zen futbolean jokatzen, 18 urterekin, 1949-50 denboraldian. 1952ra arte jokatu zuen Aretxabaletako taldean. Handik, Deportivo Alaves taldera joan zen eta 1957ra arte hantxe jokatu zuen. Duda barik, babazorroen taldean bizi izan zituen garairik onenak Bixentek. 1954-55 denboraldian 22 gol sartu zituen lehenengo mailan. Gainera, denborali bitan taldean gol gehien sartu zituen jokalaria izan zen. 1957-58an, berriz, zorte txarra izan eta denboraldi batez futboletik kanpo utzi zuen lesioa izan zuen. Hala ere, hurrengo urtean Realak fitxatu zuen. 1059tik 1960ra bitartean, bigarren mailan zegoen Huelvako Recreativo taldean jokatu zuen.Gerora, Sestaon, Mirandesen eta Club de Vitorian ibili zen futbolean, besteak beste.

Entrenatzailea

Futbola utzi eta gero, Bixente Etxandiak entrenatzaile lanak egin zituen. Eta lanbide horretan ere maila ona erakutsi zuen. Hain zuzen ere, 1968an atera zuen entrenatzaile titulua eta orduz gero hainbat mailatan ibili zen taldeak zuzentzen. Besteak beste, Bergaran (hirugarren mailan), Mondran (hirugarren mailan), Alavesen (erregionalean), Elorrion (erregionalean) eta Elgoibarren ibili zen taldeak zuzentzen. Bixentek, gainera, Deportivo Alaveserako ikuskatzaile lanak egin ditu hainbat denboralditan.

Presidentea

1994a ezkero UDA elkarteko presidentea da Bixente. Makina bat lan egin ditu futbolaren eta herriko futbolarien alde. Azken baten, 54 urte eskaini dizkio kirol horri. Eta oraindik gelditzen zaizkionak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak