Urtero egiten du Sortzez Garbiaren egunean batzar orokorra Kofradiak. Aurten, diru kontuak izan zituzten protagonista; izan ere, bazkide kuota 4 euro igotzea erabaki zuten, eta orain, 12 euro izango da. Argi azaldu zuen batzordeak igoeraren arrazoia: Iaz arte, hildakoaren familiei 60,10 euroko laguntza ematen zieten, eta aurten, 270,46 eurokoa eman diete. Horrek 6 mila eurotik gorako zuloa egin du Kofradian, eta zuloa estaltzeko da igoera.
Batzorde kide berriak ere aukeratu zituzten batzarrean: Kepa Antxia, Arantza Arenaza, Alberto Arkauz eta Alberto Trojaola. Izendapena bi urterako da, hortaz, iaztik geratzen direnak beste lau dira: Jokin Bengoa, Jasone Gorroño, Eli Izagirre eta Juan Antonio Martinez de Agirre.
Ia 4.500 bazkide
San Martin-San Jose Kofradia 1855. urtean sortu zuten Aretxabaletan. Egun, gutxi gorabehera 4.450 bazkide ditu, eta herriko elkarterik handiena da. Hainbat zerbitzu eskaini eta laguntza ematen dizkie aipatuko bazkideei:
- Ehorzketa eta garraio gastuak.
- Hildakoaren senideei 270,46 euroko laguntza ekonomikoa.
- Funeraria Arrasaterekin dauka lankidetza-akordioa.