Arritxu Oliden alkatearen eta Xabier Sarasuaren lan dedikazioak onartu zituzten lehenengo. Arritxu 8 orduz egongo da alkate zereginetan eta Xabier egun erdiz zinegotzi lanetan. Pausoka Haur Eskolako araudian, bestalde, hainbat aldaketa egitea adostu zuten.
Hirigintzako gaia izan zen hurrengoa: Untzilla auzora bidean 1.000 metro koadroko industri pabilioia egiten dabiltza. Aurreko agintaldian 500 metro koadro erosi zituen Udalak, eta orain 250 gehiago erostea erabaki zuten. Horien truke 450 milioi euro ordainduko ditu.
Bukatzeko, Eskoriatza eta Aretxabaleta arteko mugak izan zituzten hizpide. Herri bien arteko mugak ondo jaso gura dituzte, eta horretarako batzordea osatu zuten diputazioak hala eskatuta. Aipatutako batzordea alkateak, berak, Jose Anjel Antxia eta Xabier Sarasua zinegotziek, Aitziber Mendigain hirigintza teknikariak eta Xabier Mendizabal idazkariak osatuko dute.
Atzokoan ez zen udalbatza osoa batu; EAJ/EAko Jesus Mari Herrasti, Ezker Batuko Jaime Mujika eta PSE/EEko Mari Carmen Atxutegi ez ziren agertu.