Muru-Alde elkarteak 50 urte bete ditu

Mirari Altube Arrese 2003ko aza. 12a, 17:41
Herriko elkarte gastronomiko zaharrenak, Muru-Aldek, 50 urte bete zituen udan. Hori horrela, ospakizun ugari antolatu ditu elkarteko zuzendaritzak datozen egunetarako.

Juan Luis Izagirrek eta Jose Irizarrek izan zuten Muru-Alde elkartea sortzeko burutazioa. 1953ko udaberria zen, eta Ilargi lantegiko behealdean, Asensio dendaren atzealdean, jarri zuten lehen egoitza. 26 lagunek eman zuten izena hasieran, baina 40 ziren udan. 500 pezeta jarri zituzten guztiek sartzeko. Hilario Errasti izan zen lehenengo presidentea.

Uztailaren bukaera alderako gertatu zuten egoitza, eta hala, San Inazio hautatu zuten elkarteko zaindari; orduantxe egin zuten inaugurazio ekitaldia. Mitarte kalean zegoen egoitza hartatik Murugain mendia ikusten zutenez Muru-Alde izena jarri zioten.

Egoitza aldaketa

1967an elkartearen egoitza aldatu egin zuten; Basabe bidean zegoen Pagaldai denda gainaldean, hau da, Olandixo baserri alboan jarri zuten. Lau urte geroago, 1971n, emakumeei baimena eman zieten urteko edozein egunetan sartzeko. 1988an berriro aldatu zuten elkartearen egoitza; Mitarte kalera itzuli ziren. Urte batetik bestera bazkide kopuruak gora egin du, eta 2003az geroztik emakumeak ere onartzen dituzte. Gaur egun 150 bazkide daude, eta zortzi erretiratutako bazkideak.

Ekitaldi ugari

Urrezko ezteiak behar diren moduan ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte datozen egunetarako:

  • azaroak 12: Elikadura osasuntsuaren gaineko hitzaldia emango dute Ramon Roteta sukaldariak eta Iñaki Ferrando medikuak.
  • azaroak 13: Ardo dastaketaren gaineko hitzaldia emango du Mikel Garaizabal enologoak.
  • azaroak 15: Mus txapelketa bazkideendako.
  • azaroak 20: Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeko arduradunak, Gorospe eta Madariaga, eta txirrindulari bi etorriko dira.
  • azaroak 22: Ospakizun eguna: meza, omenaldia, bazkaria bertsolariekin eta erromeria izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak