Orain dela urte bi inguru, Bai Euskal Herriari taldeak EHNAren aldeko 125.000 sinadura batu zituen Euskal Herrian. Ordutik hona herri askotan hasi dira EHNA tramitatzen. Aretxabaletan, orain arte, ez dute sekula tramitatu. Aurreko agintaldiko udalbatzak, hala ere, tramitatzeko eskaera orriak jarri zituen eskura udaletxean. Eta EHNA agiria Udalean egin beharreko tramitazio guztietarako hartzea onartu zuen orduan udalbatzak, osoko bilkuran.
Egubakoitzetan, udaletxe zaharrean
Bai Euskal Herriari taldea egubakoitzetan elkartzen da udaletxe zaharrean, 19:00etan, hain zuzen. Taldea oraindik sortzen dabil, hortaz, zabalik dago lan egiteko gogoa duen edonorendako. Josu Atxaga taldekidearen esanetan lehenengo helburua EHNA tramitatzen hastea da, eta hurrengo pausoa herrian erabili ahal izateko bidea zabaltzea izango da.