goiena.eus

Eguzkierripa Rock eguna egingo dute maiatzaren 27an

  Kultura  Aramaio

Bederatzigarren edizioa izango du aurten bereziki gazteei zuzendutako egun osoko jaialdi honek. Ohi moduan, musika izango da egunaren ardatz nagusia, izan ere, herriko zein kanpoko hainbat taldek kontzertuak eskainiko dituzte Andra Marin.

 

Aramaion dagoeneko egonkortuta dagoen jaialdia da Eguzkierripa Rock. Izan ere, aurten bederatzigarren aldiz egingo dute Aramaioko Gazte Asanbladak antolatutako festa eguna. "Hasieran, gazte egun baten moduan sortu zen jaialdi hau. Aramaioko Gazte Eguna bezalakoa da. Ideia horrekin sortu zen, gazteendako egun bat izateko, aurrez ez zegoelako halakorik.  Gainera, halako festa bat antolatzeko leku ona dela uste dugu", adierazi du Ainhoa Kortabarriak, Gazte Asanbladako kideak.

Egun osoko egitaraua izango da. 12:30ean poteoarekin hasiko dute festa, herriko tabernetan zehar, eta gero, Andra Mari ermitara igoko dira. Ondorengo ekintza guztiak bertan izango dira. Lehenengo urteetan ez bezala, orain, bazkalostea ere girotuta egongo da, antzerki batekin eta kontzertu akustiko batekin, eta ondoren, kontzertu nagusiak izango dira.

Aramaioarrak bakarrik ez, inguruko herrietatik ere hurbiltzen da jendea, Kortabarriaren esanetan: "Arrasatetik eta beste herri batzuetatik urtero etortzen da jendea eta aurten ere hala izatea espero dugu. Aramaion ez da askotan egoten halako festa girorik, eta egun hau horretarako da, ondo pasatzeko eta disfrutatzeko", azpimarratu du. Horrenbestez, interesatuei, bertaratzeko dei egin nahi izan die.

Txartelak salgai

Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko, Eki, Añai eta Anboto tabernetan eta herriko okindegian, 5 eurotan.

Datorren urtean hamargarrena

10. urteurrena gertu du Eguzkierripa Rock egunak, eta hori "modu berezian" ospatu gurako luke Gazte Asanbladak. "Oraindik ez dugu ezer erabaki, baina zerbait desberdina egingo dugu", adierazi du Kortabarriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa