Aramaioarrek jada egin diote ekarpena aurtengo Korrikari

Eneko Azurmendi 2017ko mar. 31a, 13:33
Korrikan parte hartu zuen aramaioar taldea.

Atzo, eguena, abiatu zen 20. edizioa, eta zazpigarren kilometroa izan zen aramaioarrek parte hartu zutena. Korrikaren 20. edizioa ez da Aramaiotik pasatuko aurten. Udalak, baina, zazpigarren kilometroa erosi du –Otxandio eta Legutio artean–, herritarren izenean.

Hala, Legutiora autoz abiatu ziren hainbat herritar eta aipatutako kilometroa egin zuten. "Legutiora autoz iritsi ginen, eta, ondoren, oinez joan ginen elkarrekin, trikitilariz lagunduta, kilometroa hasi behar genuen lekura", adierazi du Rosa Mondragonek, Euskara teknikariak. "Korrikalari batzuk aseguratu egin genituen, normalean korrika egiten dutenak, eta petoa haiek eraman zuten", dio.

Korrikaren aldarrikapena orokorra dela adierazi du Mondragonek. "Korrika da modu bat herritarrok euskararen inguruan biltzeko, euskara kalera ateratzeko eta, nolabait, gogora ekartzeko euskara presente dagoela, bai Aramaion, baita gure egunerokotasunean ere", dio. Hala ere, azpimarratu du Aramaion euskararen egoera ez dela batere txarra. "Ezagutza %80tik gorakoa da, eta, nahiz eta dakigun guztiok ez dugun behar beste egiten euskaraz, erabilera ere %60tik gorakoa da".

Gaur, Korrika Jaialdia

Korrika Txikiarekin hasiko dute gaurko eguna. "Aurtengoan ere ez dute huts egingo San Martin eskolakoek, eta bazkalostean Korrika Txikia egingo dute", azaldu du Mondragonek.
Arratsaldean, berriz, Korrika Jaialdia egingo dute frontoian, 18:30ean hasita. "Herriko hainbat taldek hartuko dute parte ekitaldian, eta nork bere ikuskizuna eskainiko du".
Domekan, 18:30ean, Korrika eta Gutik zura dokumentalak proiektatuko dira, kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak