goiena.eus

"Aramaioko fauna oso aberatsa eta anitza da"

 Aramaio HEMEN DEBAGOIENA

'Aramaixoko bizilagun batzuk' izeneko dokumentala Markel Arriolabengoa eta Mikel Serrato aramaioarrek ekoitzitako lana da, Aramaion aurkitu daitezkeen animalia desberdinak eta hauek ekosisteman betetzen dituzten funtzioak jorratzen dituena.

Aramaioko landaketa ezberdinek bertako faunarekiko duten eragina aztertzen aritu da Markel Arriolabengoa aramaioarra. "Bi urtez ibili naiz bideoak grabatzen, eta, bideo politak daudenez, herritarrekin partekatzea erabaki nuen. Oso hurbil bizi gara basotik, baina, askotan, ezagutza aldetik oso urruti gaude. Beraz, nire bideoak herritarrekin partekatu eta ezagutza hori zabaltzea izan da nire asmoa", adierazi du Arriolabengoak.

Bideoak Arriolabengoarenak badira ere, Mikel Serratok egindako lana azpimarratu nahi izan du. "Nik bideo solte batzuk besterik ez nuen, eta Mikel Serratok egin du muntaia guztia, oso forma ona eman dio dokumentalari. Hasieran modu sinplean hasi ginen muntatzen eta hori ez zihoan inora. Mikeli esker, ordea, lan serio eta formala atera da. Merituaren zati handi bat berea da", dio.

Animalien garrantzia

Edukian zentratuta, basoan bizi diren animaliek funtzio garrantzitsuak betetzen dituztela aitortu du Arriolabengoak. "Askotan, basoko animalien gainean berba egiten dugunean, badirudi gauza txarrak esaten direla bakarrik. Hala ere, oso funtzio garrantzitsua betetzen dute eta animali hauek ez baleude, gu ere ez ginateke hemen biziko, ekosistemari ematen dioten zerbitzuagatik". Izan ere, ekosisteman oreka bat egon dadin laguntzen dute animaliok. "Pasatzen dena da oreka bat dagoela guk uste duguna baino askoz ere konplexuagoa dena. Oreka hori galdu egin daiteke, adibidez, harrapariak kentzen ditugunean. Oreka hauste ohikoena izan daiteke kultibo asko dauden lekuetan sagu populazio handitzea", azaldu du Arriolabengoak.

Aipatzen duen oreka horren garrantzia nabarmendu beharrekoa dela uste du dokumentalaren egileak. "Animaliek eragin zuzena daukate landareengan, eta landareek eragin zuzena dute ur hornikuntzan edo jan hornikuntzan. Guztia oso lotuta dago eta oreka bat ematen ez bada, kalteak oso handiak izan daitezke".

Askotariko animaliak Aramaion

Arriolabengoaren esanetan, fauna anitza eta aberatsa dauka Aramaiok. "Azalera handia dauka eta habitat oso ezberdinak. Haitzak daude Orixol eta Ipizte inguruan, arroka handiak daude eta hegazti asko; ur masa handiak ere badaude, Albiñako urtegia, adibidez, eta baso mota ezberdinak ere bai. Horrek aberastasun handia ematen dio gure herriari", zehaztu du.

Dokumentalean agertzen diren animalietatik, bitxiena edo ezohikoena lepahoria dela dio. "Penintsulako iparraldean dagoen animalia bat da, arraro moduan katalogatuta dagoena, eta Aramaion, zorionez, ikus daiteke". Horrez gain, basakatua ere aipatu du. "Askotan ez da erraza izaten basakatu purua dela esatea, zalaparta handia dago hor, mestizo eta nahasketa asko daude. Baina animalia adierazgarria da, atentzioa pizten duena".

Hala ere, onartu du animaliok ikustea ez dela hain erraza eta horrek dokumentala egiterako orduan lanak zaildu egiten dituela dio. "Hemengo basoak itxiak dira. Gainera, animalia asko, oso txikiak izateaz gain, argiak  ere badira. Ez da sabanara joan eta jeep batetik lehoia ikustea. Beraz, fototranpeoko kamerak jartzen dituzu animalien arrastoak ikusten dituzun lekuan, eta mugimendua detektatzen dutenean, grabatu egiten dute. Bideo asko grabatzen dira eta horietatik askok ez dute balio, baina beste batzuk irudi politak dira".

Oraingoz, dokumentala erantzun ona ari da izaten herrian eta egilea pozik dago. "Ni gustura gelditu naiz emaitzarekin eta badirudi jendeari ere gustatu zaiola, haurrak ere gustura ari dira eta hori garrantzitsua iruditzen zait".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa