Zinegoak, gaylesbotrans Nazioarteko Zinema emanaldia izango da egubakoitzean Aramaion

Eneko Azurmendi 2017ko mar. 8a, 15:56

Zinegoak jaialdia urtero antolatzen da Bilbon, otsaila inguruan, eta martxoan Euskal Herriko herri ugaritara heltzen da bere hedapenaren bitartez. Aramaiora ere helduko da jaialdia eta, datorren egubakoitzean, martxoaren 10ean, zine proiekzioa izango da kultura etxean, gaueko 22:30etan.

Bilboko gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia, 2004. urtean jaio zen Hegoak elkartearen eskutik, kultura, zinema eta arte eszenikoen bitartez sentsibilizazioa bultzatzeko asmoz.

Aurtengo jaialdiak emakume sortzaileen lanak eta konpromisoa duten pelikulak saritu ditu. Hala, ondorengo sei lan hauek ikusi ahal izango dira egubakoitzeko emanaldian:

¡No es Nada!

Ama bat konturatzen da, bere semeari, gay izateagatik, institutuan eraso egiten diotela. Hori dela eta, ama honek erabakitzen du semearekin egoerari aurre egiteko moduaz hitz egitea. Ustekabean, patuak, aurreikusita ez zegoen egoera bat ekarriko du.

Zuzendaria: Jose Antonio Cortés Amunarriz

Iraupena: 15 minutu

Hizkuntza: JG gaztelaniaz

Urtea: 2015

Lekua: Euskadi

Gabber lover

2000. urte hasieran, Nérac. Laurie eta Mila 13 urteko gazteak dantzan ari dira, lakutik gertu. Mila Laurie-rekin maiteminduta dago eta esan egin nahi dio.

Zuzendaria: Anne Cazenave-Cambet

Iraupena: 13 minutu

Hizkuntza: JBA euskaraz

Urtea: 2016

Lekua: Frantzia

Ana se intoarce

Laura zoriontsu da bere mutil-lagunarekin eta Ana bere lagunaren bisita itxaroten dago. Izan ere, Errumaniatik –bere jaioterritik– etorriko da Ines, bere neska-lagunarekin. Gau batean, azaleratzen hasiko dira hasiera batean lurperatuta zeuden sentimenduak, eta behin eta berriz azalduko da galdera hau: nor da hemen homofoboa?

Zuzendaria:Ruxandra Ghitescu

Iraupena: 18 minutu

Hizkuntza: JBA euskaraz

Urtea: 2016

Lekua:Errumania

#Not guilty

Gay eta errudun? 1961ean, Heinz, kondenatu egiten dute bi urteko baldintzapeko askatasunera eta adin-txikiko zentro batean hiru asteko zigorra betetzera, beste gizon baten belauna laztantzeagatik; epaia indarrean dago oraindik gaur egun. Gay da, baina ez da erruduna –#notguilty–. 50.000 gizonetik gora kondenatu ziren homosexualak izateagatik, Alemaniako zigor kodearen 175. artikulua aplikatuz. Bada garaia kargu horietatik libre geratzeko.

Zuzendaria: Maxim Kuphal-Potapenko

Iraupena: 4 minutu

Hizkuntza: JBA euskaraz

Urtea: 2016

Lekua: Alemania

Grávido

Lan honek Tomasen istorioa kontatzen du. Jaioterrira bueltatu da. Hala ere, leku horretara ez du sekula bueltatu nahi izan eta beti ihes egin nahi izan du leku horretatik. Izan ere, aurre egin beharko die iraganeko mamuei eta tolerantzia ezari.

Zuzendaria: Alejandro Durán

Iraupena: 12 minutu

Hizkuntza: JG gaztelaniaz

Urtea: 2017

Lekua: Espainia

Oh-Be-Joyful

Rita hilzorian dago, azken hatsa egiteko gutxi falta zaio, baina beste mundura joan aurretik gauza bat egin nahi du: biloba bultzatu nahi du bere izaera sexuala aske adierazten.

Zuzendaria: Susan Jacobson

Iraupena: 13 minutu

Hizkuntza: JBA euskaraz

Urtea: 2015

Lekua: Erresuma Batua

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak