Tabernetako lapurreta uholdeak kezka eta ezintasuna zabaldu ditu herrian

Xabi Gorostidi 2017ko ots. 22a, 10:21

Pasa den asteko martitzen gauez, lapurrak Anboto tabernara sartu ziren berriz. Goizaldeko bostak aldera sartu ziren eta makina txanpon-jaleko dirua eraman zuten. Azken urtean jasan duten laugarren lapurreta da, eta Añai tabernan ere, uztailetik hona beste lau lapurreta jasan dituzte. Ertzaintzaren ikerketek ez dute emaitzarik eman oraingoz.

Aramaioko bizilagunak kezkatuta daude herria azkenaldian jasaten ari den lapurreta uholdea dela eta. Anboto eta Añai tabernak izan dira lapurren jomuga, eta azken urtean launa lapurreta jaso dituzte. Lapurrak atzeman ez izanak kezka eta amorrua eragin ditu Aramaion.  

"Lapurreta azkarrak izan dira, eta azken urtean zortzi bat jasan ditugu bi tabernetan. Ertzainekin hitz egin dugu, eta eurek zaintza lanak egin arren, ez badituzte momentuan harrapatzen oso zaila da, eta ezintasuna eragiten digu" adierazi du Lierni Altuna alkateak.

Anboto tabernaren kasuan urte bateko epean jasan dituzte lau lapurretak, azkena, pasa den asteko martitzen goizaldean. Lapurreta azkarrak izan dira kasu guztietan. Lehen saiakeran tabako makina eta makina txanpon jaleko dirua eraman zituzten, baina ondorengo bi kasuetan makina txanpon-jaleko diruaren bila joan ziren zuzenean. Azken lapurretan gaizkileak leihotik sartu ziren, eta tabernako jabeak diru makina txanpon-jaletik atera eta gordeta izan arren, lapurrek aurkitzea lortu zuten.

Añai tabernaren kasuan, lau lapurretak uztailetik abendura bitartean jasan dituzte. Modus operandi antzerakoa izan dute, eta bertan ere, tabako eta apustu makinak, eta makina txanpon-jalea izan dituzte jomugan. Tabernako jabeak makinetako dirua etxera eraman, eta makinak zabalik uzteko ohitura hartu du, horrela txikiziorik egin ez dezaten. Horretaz gain, kartelak jarri dituzte lapurrek dirurik aurkituko ez dutela adierazteko.

Lapurrak ikusi dituzten bizilagunen arabera, Europa Ekialdeko jatorriko bi gizonek egin dituzte lapurretok, eta talde organizatu bateko kideak izan daitezkeela uste du Ertzaintzak. Lapurretak egitean utzitako aztarnek ez dute Ertzaintzaren datu base polizialetako datuekin bat egiten, eta ezin izan dituzte gaizkileak identifikatu. Beste aztarna batzuk aztertze prozesuan daude oraindik, eta Ertzaintzatik bizilagunen kolaborazioa oso lagungarria izan daitekeela adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak