Kruzetako bidearen itxura aldaketa

Xabi Gorostidi 2017ko urt. 11a, 14:24

Aramaio eta Gasteiz konektatzen dituen A-2620 errepidearen egoera eskasaren aurrean Arabako Foru Aldundiak asfaltatze lanak egitea erabaki zuen. Guztira lau kilometroko tartea konpondu dute eta erabiltzaileek pozik daude lanen emaitzarekin

Pitzadurak, deformazioak, bide-zuloak, arrakalak... era honetako arazoz josita zegoen Kruzetako mendatea, batez ere, Aramaiora jaisten den zatian.

Hainbat ziren errepidea hondatuta egotea eragiten zuten faktoreak. Bertako ohiko trafikoak eragiten duen higadurari, euriarena eta elurrarena gehitu behar zaizkio, eta baita elurra kentzeko makinek eragindakoa ere. Erabiltzaileen kexak aspalditik zetozen. Batez ere, zikloturisten ahotik, eurak baitira errepidearen gorabeherak gehien sufritzen dituztenak.

Aurreko legealdiko eskaera

“Aurreko legealdian, ni zinegotzi nintzelarik, eguraldiak eraginez asfaltoa oso janda zegoen. Udalaren aspaldiko eskaera zen, Aldundiak gutxienez Kruzetako zatia asfaltatzea, hori baita Arabarekin konektatzeko daukagun bide bakarra. Legealdi honen hasieran bilera egin genuen Aldundiko ordezkariekin, eta bertan ere berriro jakinarazi genien errepidea oso hondatuta zegoela, eta zerbait egin beharra zegoela” azaldu du Lierni Altuna alkateak.

Lanak egiteko erabakia

Udalaren aspaldiko eskaerak ikusita, Arabako Diputatuen Kontseiluak Kruzetako mendatea errodadura geruza berriztatzeko proiektua iragarri zuen, 2016ko urriaren 25ean, honako argudioak erabailiz: “Bide zorua oso hondaturik dago mendate horretan. Aramaio aldera jaisten den aldatsaren lehenbiziko kilometroetan zulo eta pitzadura ugari dauzka galtzadak, eguraldi txarrak eta ibilgailu astunen zirkulazioak eraginda”.

Lan horiek egiteko 185.775 euro bideratu ziren Foru Aldundiko aurrekontutik, eta bi asteko epean burutu ziren asfaltatze lanak.

Lau kilometro

Hori izan da konponketa lanek hartu duten esparrua. Gailurrera iritsi aurreko 500 metro inguru lehenagotik hasi eta Aramaioko norabidean dagoen beheranzko aldaparen hiru kilometro eta erdian egin da esku hartzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak