Bertsolari laukote dotorea Gabonetako saiorako

Xabi Gorostidi 2016ko abe. 23a, 10:11

Datorren egubakoitzean, abenduak 30, Gabonetako bertso saio egingo dute 22:30ean Kultura Etxean. Goi mailako bertsolariak herrikoekin batera ikusteko aukera polita izango da, eta gonbidatuak Aramaioko bertso familia asebetetzeko gogoz datoz.

Urteroko tradizioari jarraiki, bertso saio elegante batekin amaituko da bertso urtea Aramaion. Herriko bertsolariak elitekoekin batera ikusteko aukera izango dute Aramaioko bertso familia osatzen dutenek.
Urtean zehar herrian egin izan ohi den aretoko saio bakarra izaten da Gabonetakoa, baina aurtengo kasuan hirugarrena izango da. “Eliteko bertsolariak Aramaion ikusteko aukera bakarrenetako izan ohi da Gabonetako saioa. Aurten Erain Debagoiena egitasmoaren harira bertso saioa egin genuen Kultura etxean, eta ostean, Donostia 2016 barruan zegoen Europa bat-batean egitasmoaren baitan Munduko inprobisatzaileen topaketa ere egin genuen” adierazi du Xabi Igoak Bertso Eskolako kide eta antolatzaileak.

Laukote dotorea

Aurtengo kartelean luxuzko lau bertsolari ageri dira. Lehenik eta behin, Aramaioko Bertso Eskolako ordezkari bezala Peru Abarrategi arituko da. “Gogotsu nago, egia esan. Telebistan ikustera ohituta nagoen bertsolariekin batera abestu behartuko dut, eta gainera Aramaioko ordezkari bezala. Herrian izatean gertuko jende asko etorriko da saio ikustera. Gogotsu nago, baina urduritasun puntu batekin ere bai. Ez dut aukera askorik izaten era honetako saioetan parte hartzeko, eta beraz, ondo etorriko zait otsailean hasiko den 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketarako beroketa ariketa bezala” azaldu du Abarrategik.
Berarekin batera Sustrai Colina izango da eliteko ordezkarietako bat. Xilabako txapela jantzi berritan dator, erakustaldi polita egin ostean. “Aramaio oso plaza polita izan ohi da niretzako. Gainera urteko sasoi hau oso aproposa da era honetako saioak egiteko eta giro polita sortzen da” azaldu du Colinak. Aipatzea, gaur bertan  Elgetako Espaloiaren irekiera berriko ekitaldian arituko dela Amets Arzallusekin batera.
Oihana Iguaran billabonatarra eta Iker Zubeldia zegamarra ere bertan izango dira. “Oihanak aurten 140 saio inguru egingo zituen. Iaz Gipuzkoako finalista izan zen lehendabizikoz, eta horren eraginez plaza asko eginda etorriko da. Ikerrek ere Gipuzkoako finalista izatea zer den badaki. Bazkari eta afariko saioetan aritzen da gehiago, baina umore zorrotza duen bertsolaria da” azaldu du Xabi Igoa antolatzaileak.

Bikotea gai-jartzaile lanetan

Aurtengo laukoteari gaiak zehazteko ardura Manex Agirrek eta Xabi Igoak hartuko dute. Bi bertsolari finek, gai mamitsuak bilatuko dituzte saio umoretsu eta entretenigarria izaten ahalegintzeko.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak