Herri mendien kudeaketarako oinarrizko irizpideak onartuta

Xabi Gorostidi 2016ko aza. 24a, 20:18

Basoen kudeaketa plana datorren urtean berrituko da, baina hori egiteko oinarrizko ezaugarriak onartuta geratu dira azaroko osoko bilkuran. Nahiz eta gaurko aztergaien artean ez egon, zapaturako Altsasuko Udalak deitu duen manifestazio deialdiarekin bat egitea onartu dute.

Atzo, eguena, egin zuten Aramaion azaroko ohiko osoko bilkura. Hasteko, urriko azken bilkurako akta onartu eta Lierni Altunak alkate ebazpenen berri eman zuen.

Hori egiteaz bat, baso kudeaketarako interes berezia duen lur sail baten erosketa onartu zuten, eta jarraian, herri mendien kudeaketarako oinarrizko irizpideak onartu zituzten. Datorren urtean baso kudeaketa plana berrituko da, eta hori egiteko ezaugarri orokorrak onartuta geratu ziren atzo.

"Mendi kudeaketa plana berritu egin beharko da eta horrekin lotuta irizpide minimo batzuk zehaztu nahi genituen aldez aurretik" azaldu du Altunak.

Hala, Udalaren esku dauden 500 hektareak erabilera hauetarako banatuko dira: 110 larre eta sastrakak, 220 egur ekoizpena, 160 baso babeslea eta beste batzuk 10.

Ondoren lau mozio onartu zituzten aho batez. Lehena, euskararen egunarena, eta jarraian, indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egunarekin lotutako bi; Eudelena eta EH bilduko Udal taldearena. Horietan azkena EAJko Udal taldeak Garoñari buruz aurkeztutakoa izan zen. EH Bilduk CSN enpresako zuzendariaren dimisioa sartzeko eskaria egin zuen, eta hala onartu zuten mozioa.

Eguneko azken puntuan etorri eguneko desadostasun bakarra. EH Bilduk gizarte zerbitzuen prestazioari eta eskumenen berrantolaketari buruzko mozioa aurkeztu zuen. Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia egiten ari diren gizarte zerbitzuen mapari buruzko ziurtasun falta azaldu zuen EH Bilduko taldeak, eta EAJk aurka bozkatu arren aurrera atera zuten mozioa.

"Berez, 2017ko urtarrilaren 1ean martxan jarriko dira zerbitzu batzuk guk orain arte kudeatu ez ditugunak. Horrez gain, finantziazioa nola egingo den argitu gabe dago. Foru aldundiaren zain gaude, eta mozioa informazio eskaera hori egiteko aurkeztu dugu".

Ondoren, eguneko gai zerrendatik kanpo egon arren, aho batez onartu zuten EH Bilduk egindako atxikimendu eskaera, Altsasuko Udalak zapaturako deitu duen manifestazioa babesteko. Amaitzeko, Gureia auzoko konponketa lanen esleipena egiteko ezohiko bilkura egingo dute abenduan, lanak urtea amaitu baino lehen esleitzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak