Maider Unda: "Orain, borroka ez da nire lehentasuna"

Xabier Urtzelai 2016ko aza. 11a, 12:00
Maider Unda, hedabideen aurrean agurraren berri emateko unean.

Erabakia aspaldi hartua bazuen ere, Maider Undari (Oleta, Aramaio, 1977) kosta egin zaio kazetarien aurrean asmoak azaltzea. Urte asko izan dira borroka librea ordezkatzen, Europako eta munduko txapelketetan eta Olinpiar Jokoetan parte hartzen, baina nahikoa dela esan du, beste lehentasun batzuk ditu. 

Lasaitua hartu duzula esan duzu prentsaurrekoan. Zer sentitzen duzu?

Erabateko lasaitasuna. Banekien momentu zaila izango zela, trantze hori pasatu beharko nuela, baina beno, egin dugu.

Zer geratzen da bederatzi urterekin borroka librea jolas moduan hartu zuen neska hartatik?

Seguruenik, ilusioa. Bizitzan aurrera egiteko ilusioa behar da, eta egia da borroka librean jarduteko ilusioa amatatu egin zaidala, baina gaztetxoekin lanean hasteko ilusioa daukat.

Duela 30 urte borroka librea ez zen kirol olinpikoa...

Ez, horregatik diot borroka librea jolasa zela niretako. Eta jolasa izatetik ogibide izatera pasa zen. Beti pentsatu izan dut bizitza honetan aurrera egin behar dela, buruak nahikoa dela esan arte, eta, borroka libreari dagokionez buruak orain esan dit nahikoa dela, ez dudala maila gorenean jarraitu gura. Gorabehera handiak egon dira urte hauetan guztietan, baina beti esaten dut momentu gogorretan ikasi dudala gehien. Gauzak ondo doazenean jende asko egoten da inguruan, baina momentu gogorretan kapaz izan behar dugu autokritika egiteko, eta ondoan nor duzun ikusteko.

2009an Danimarkan jokatutako Munduko Txapelketan lortu zenuen brontzezko domina inflexio puntua izan zen?

Inflexio puntua 2007an izan nuen, Beijingo Jokoetarako txartela lortu nuenean. Erraza zirudien arren, niretako sekulako lorpena izan zen hura, eta ondoren etorri zen Danimarkako domina. Ondorengo urteetan munduko bost borrokalari onenen artean egon ahal izan naiz, eta horrek segurtasun handia ematen zidan, eta, batez ere, kirol honekiko beste perspektiba bat.

Kasu bitxia izan da zurea, borroka librean ia lizentziarik gabeko lurralde batetik etorrita munduko potentzien kontra borrokatu behar izan duzu, milaka eta milaka lizentzia zituzten lurraldeen kontra.

Bai, bitxia da. Hemen borroka libreak ez ditu jarraitzaile asko, oso jende gutxi dabil kirol jarduera horretan, eta beste leku batzuetan borroka lehen mailako kirola da. Eta, hala ere, hor daude lortu ditudan kirol emaitzak. Horrek erakusten du benetan zerbait gura bada, lor daitekeela.    

Zure kirol ibilbideko ze momenturekin geratuko zinateke?

Momentu asko ditut gogoan, ez daukat bakarra. Londresen lortutako domina berezia izan da, baina horrekin baino gehiago, egindako bidearekin geratzen naiz. Bizitako momentu gogorrekin, hartutako erabaki zailekin... Erabaki horiek eraman gaituzte iritsi garen lekuraino.    

Riorako sailkatu izan bazina, gehiago luzatuko zenuen kirol ibilbidea?

Ez dakit. Urte hasieran lesionatu egin nintzen, ordura arte sekula izan ez nuen zuntz haustura bat, eta horrek hausnartzera eraman ninduen. Akaso, gorputzari komeni dena baino gehiago ari nintzaion eskatzen. Dena dela, Rion egonda ere ez nukeen kirol bizitza askoz ere gehiago luzatuko.

Rioko Olinpiar Jokoetarako ez sailkatzea kolpe handia izan zen. Orain, beste lehentasun batzuk dituzula diozu, baina borroka libreko araudian egon diren aldaketek ere ez dizute lagundu.

Gauzak ondo doazenean motibo askorengatik joaten dira ondo, eta gauzak okertzen direnean beste horrenbeste. Egia da ama izatearekin batera lehentasunak aldatu egin zitzaizkidala, baina maila errekuperatzeko gogor egin nuen lan. Araudi aldaketa etorri zen orduan, nire kategoria berrira moldatzeko pisuz aldatu behar nuen, eta lesioak azaltzen hasi ziren; dena pilatu zen hor.    

Urte hauetan guztietan izan duzu dena bertan behera uzteko tentaziorik?

Ideia erabat garbi ez. Akaso, momenturen baten lasaiago jarduteko gogoa izan dut, entrenatzen jarraitzeko asmoa, baina, niretako, eta ez horrenbeste txapelketei begira... Halakoak bai, baina erabat uzteko asmorik ez.    

Luis Crespok –entrenatzailea– eta biok baduzue harrobiarekin lan egiteko proiektu bat esku artean, baina ez duzue askorik aurreratu.

Oraindik gauza asko ditugulako zehazteke. Asmoa da gaztetxoei borroka librea erakustea, jolas moduan aurkeztea, eta horrenbeste eman didan kirol honi zerbait itzultzea.

Horrenbestez, etorkizunean txapeldun handiak izango direnak entrenatzen hastea duzue buruan...

Bueno, orain arte maila gorenean egonda, ez nuen astirik bestelakoetarako. Orain, denbora izango dut, eta horretan hasi gaitezke. Poliki egin gura ditugu gauzak, poliki eta ondo.

Kontziente zara emakumezkoen kirolean erreferente bilakatu zarela?

Orain bai, denborarekin jabetu naiz horretaz. Londresen domina lortu nuenean ametsetan nengoen, baina gero konturatu naiz egindakoaz, emakume moduan borroka librean egin dudan ibilbideaz oso harro nago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak