Lurgorri jaio zela 100 urte beteko dira zapatuan

Xabi Gorostidi 2016ko urr. 27a, 16:14

Aramaion errotutako euskaltzalea 1916ko urriaren 29an jaio zen. Gerra zibilean preso jausi eta Bilbon fusilatu zuten tropa frankistek, baina gerra aurreko euskal pizkundeko pertsonaia garrantzitsua izan zen 21 urterekin erail zuten arren.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Batzordeko kide, Madrileko ikasle batzarreko presidente, sindikalgintzako hizlari, gerra kazetari, idazle eta batez ere euskal aberriaren defendatzaile sutsua izan zen Jose Mari Azkarraga Mozo, Lurgorri.
Gerra zibilean Santoñan preso hartu eta 21 urte zituelarik erail zuten, baina oso gaztea izan arren zeregin garrantzitsuak burutu zituen, beti euskal aberria ipar hartuta.

Aramaiori lotuta

Lurgorri ez zen Aramaion jaio.  Errenterian jaio zen, ama bertakoa zelako eta amaren aita medikua zelako. Hala ere, gaztetatik lotura berezia izan zuen Aramaioko herriarekin. Bertan uda ahaztezinak pasa zituelako, eta euskal kulturaren loraldian hainbat hitzaldi eta jaialdi antolatu zituelako.


Lurgorriren aita Aguraineko familia frankista batekoa zen eta ama, aldiz, Errenteriakoa. Aitak Informazioaren Ministerioarentzat lan egiten zuen, eta lan kontuek behartuta Madril, Bilbo eta Gasteiz artean bizi izan ziren. Aitak aspalditik zuen Euskal Herriko baserri-herri  batean etxea finkatzeko gogoa. Garai hartan Toribio Leaniz  Barrutia aramaioarra Bilbon ari zen lanean, Udaletxean, suhiltzaileen zerbitzuburu gisa eta zera esan zion Lurgorriren aitari; ez ezazu ezer erabaki Aramaio ezagutu arte.
"Lurgorriren aita liluratuta geratu zen Aramaiorekin. Bertan beste Euskal Herri bat ezagutu zuen, Agurainekin, Errenteriarekin eta Bilborekin zerikusirik ez zuena" azaldu du Jose Mari Velez de Mendizabalek, Lurgorriri buruzko biografiaren egile, eta Lurgorriren iloba denak. Hala, Ibargoia kaleko zazpigarrenean ezarri zuten euren etxebizitza Azkarragatarrek 1926an. Bederatzi urte zituela pasa zuen lehen uda Aramaion Lurgorrik, eta adiskidetasun sakona egin zuen Mario Boneta eta Pako Salaberrekin.


Azken honekin batera joan zen Lurgorri Madrilera zuzenbide ikasketak egitera. Euzko Ikasle Batza-ko presidente izendatu zuten 1933an. Horri esker harremana izan zuen Bonifacio de Echegaray, Jose Antonio Agirre edo Jose Miguel Barandiaran bezalako euskal pizkundeko protagonistekin.

Bizia Euskadiren alde

Gerra zibilaren hasierak Aramaion harrapatu zuen, eta EAJren aginduei jarraiki Debagoienaren erresistentzia antolatu zuen. Guda kazetari lanetan aritu zen, 1937an Santoñako traizioan preso hartu zuten arte. Bertatik Bilbora eraman eta Derioko kanposantuko ormaren kontra fusilatu zuten 1937ko abenduaren 16ko egunsentian, Euskadiren alde ohorez borrokatu izanak eman zion lasaitasunarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak