Irakasle eta gela gutxiagorekin hasi dute ikasturtea Aramaion

Xabier Gorostidi 2016ko ira. 7a, 14:59

Tuture eta errefortzurako irakasleen kopurua jaitsi da, eta ikasleei dagokionez hiru eta lau urteko gela bateratu dute.  Baliabide gutxiago eduki arren, San Martin Eskolako arduradunak ilusioz daude ikasturte berriari ekiteko.

Iazko ikasturte amaierako aurreikuspenak bete dira eta Aramaioko San Martin Eskolak iaz baino irakasle gutxiago izango ditu 2016-2017 ikasturtean.
Eli Izagirre eskolako zuzendariak salatu duenez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ondorengo aldaketak egin ditu. "Irakasleen aldetik kopurua jaitsi egin dute: tutore gutxiago, laguntza eta errefortzuak emateko irakasle gutxiago, eta eskolako kudeaketa eta proiektuetarako irakasleen orduak jaitsi dituzte. Ikasleen aldetik, aldiz, Haur Hezkuntzan bi gela elkartu dituzte".
Konkretuki Haur Hezkuntzako hiru eta lau urteko gelak bateratu egin dituzte, hamazortzi haurreko taldea osatuz. Gela bat hutsik geratzen zela ikusirik, talde horrentzat aisialdi eta sozializaziorako ekintzak egiteko gela egokitu dute. 

Esker oneko hitzak

Aurtengo ikasturtean aldaketak heltzeko aukera zegoela ikusita, eskolak, gurasoek eta Aramaioko Udalak alegazioak jarri zituzten. Emandako babes horrengatik esker oneko hitzak izan dituzte eskolako ordezkariek:
"Eskolak, gurasoek eta Udalak ahalegin handiak egin dituzte egoera hau saihesteko eta hobetzeko. Denon artean egindako alegazio, idatzi eta deien bitartez hobekuntza bat izan dugu, baina ez nahi genuena. Hemendik, berriz ere, eskerrak eman nahi dizkiegu ahalegin horretan parte hartu duten guztiei".    
Zailtasunak zailtasun, Aramaioko San Martin Eskola osatzen duen lan-taldeak bere konpromisoa azaldu nahi izan du ikasleei ahalik eta hezkuntza maila onena emateko: "Bukatzeko, esan behar dugu eskolako irakasleen aldetik, bai uztailean eta baita iraileko lehen egun hauetan ere, interes eta ilusio handiarekin ari garela gure artean koordinaturik, ikasturte berrirako espazioak, programazioak, materialak prestatzen eta ikasleek merezi duten harrera onena egokitzen", adierazi du zuzendariak.

Komunak konponduta

Bestalde, uztailaren 20an hasi zituzten eskolako komunak konpontzeko lanak eta ikasturte berria hasi aurretik bukatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren azalpena

Hezkuntza Sailaren azalpenen arabera, iazko ikasturtearekin alderatuta proiektu gutxiago izateak eragin du irakasle gutxiago izatea. Hala ere, Aramaioko eskolari irizpideak zehatz eta zorrotz aplikatuz gero irakasle bat gutxiago eduki beharko lukeela azpimarratu dute. Irakasle bakoitzeko 8,5 ikasleko ratioa dauka San Martin eskolak. Zentzu horretan EAEko ratio baxuenetakoa dela azaldu dute, Gasteizen adibidez 20 edo 21 ikasle dituztela argudiatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak