Herri galdeketa

Iker Elexpuru eta Rafael Bengoa: "Ariketa demokratikoa izango da galdeketa"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2016ko mai. 27a, 09:00

Aramaioko Erain Debagoienak gonbidatuta Iker Elexpuruk eta Rafael Bengoak erabakitze eskubidearen gainean berba egin dute. Herritarrak gonbidatu gura dituzte ekainaren 5eko galdeketan parte hartzera: "ezin da aukera galdu" diote. 

Herria jabetzen da erabakiak bere esku izatearen garrantziaz?

Iker Elexpuru: Bai, uste dut gehiengoa baietz. Horren erakusle da Gure Esku Dagok egin dituen ekimenetan zenbat herritarrek parte hartu duten. Aramaion 300dik gora sinadura batzeak erakusten du kontzientzia handia dagoela. 

Rafael Bengoa: Eragileen kanpaina eta kaleko ekintzak aproposak izan dira, ez zait agresiboa iruditu. Normalizazio hori da baloratzen dudana.

Nabaritzen duzue herritarrak aktibatu egin direla gai horren inguruan?

R.B.: Batu den sinadura kopurua ikusita, duda barik, herritarrak aktibatu egin diren seinale da.

I.E.: Jende askok gero eta garbiago dauka erabakitzeko eskubidearen beharra: momentu honetan guk ditugun beharrak edo nahiak ez dira erantzuten Espainiar eta Frantses estatuekin ditugun harremanetan. Aldaketaren beharra eta erabakitzeko eskubidearen beharra dela oinarria gero eta argiago dute Aramaioko herritar askok. Oinarrizko eskubide demokratikoa da erabakitzeko eskubidea. Kontzientzia sakontze bat eman da; besteak beste, urteetan ez delako emaitzarik egon ditugun beharrak sakonki erantzuteko.

Giza katea mugarri bat izan zen. Uste duzue erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua moteldu egin dela ordutik?

R.B.: Nik uste dut Aramaio historikoki oso pasiboa izan dela, oso zaila da jendea inplikatzea. Bakoitzaren lehentasunak, lehentasun pertsonalak dira.

I.E.: Nik uste dut Aramaio ez dela salbuespena. Gure Esku Dagok izan ditu inflexio puntu batzuk: giza-katea, jostunak... eta orain dator, datorrena. Intentsitate aldetik gora-beherak egon dira, baina horrek ez du esan gura jendea egoera pasibo batean dagoenik. Hasierako parte-hartze horretatik gaur egungo 300 sinaduratara gorakada eman da.

Galdeketaren kontrako jarrera duenarekiko postura zein izan beharko litzateke?

I.E.: Esan dudan moduan, erabakitzeko eskubidea eskubide demokratiko bat da. Horren kontra dagoenik ez dut ezagutzen, Aramaion behintzat. Beste gauza bat da, galdera bai edo ez erantzutea; baina hori beste kontu bat da.

R.B.: Nik ez dut uste horrelako kontsulta baten aurrean kontra inor egongo denik. Horrelako kontsulta baten aurrean apur bat demokratikoak izan behar gara. Erantzuteko ez dago zertan arazorik egon behar. 

Ekainaren 5eko galdeketa hori mugarri bat izango da bidean?

I.E.: Uste dut baietz. Herri honetan, zati esanguratsu bat kokatzen da jarrera konkretu batean; galdeketa horretan baiezkoaren alde kokatzen da. Baina hori oinarri bat da: hortik haratagoko ariketa bat du jendeak buruan. Independentziaren aldeko bidea eta estatu propio bat eratzeko hasierako mugarria izatea galdeketa. Gainera, euskal estatuaren inguruko ariketak egiten badabiltza gaur egun ere hainbat eragile.

R.B.: Denborak esango du. Erabaki edo erantzun bat baldin badauka kontsulta horrek, irakurketa bat egin beharko dute.

Erakundeen erantzuna zein izango dela uste duzue?

I.E.: Batzuetan gauzak nahasi egiten ditugu. Herritarren nahiak erantzuteko daude erakundeak, eta ez erakundeen beharretara herritarrak. Kultura politikan sakondu behar dugu; eta, herritarrok, gure nahiak erantzuteko bideak markatzen hasi beharko ginateke.

R.B.: Ez da emaitza, herriaren borondatea da. Herriaren borondatea aurrez aurre baldin badaukazu baloratu egin behar duzu.

Nola ikusten duzue ekainaren 6a, biharamuna?

R.B.: Interesgarria izango da. Orain arte horrelakorik ez da egin, aurrerapauso bat da.

I.E.: Balore demokratiko sakona dauka, herriari hitza emango zaio eskubide hori onartzen duela erakusteko. Ausardia eskatzen diet herritarren hitza defendatzeko defendatu behar den lekutan. 

Gonbidapenik egin gura duzue?

I.E.: Ezin da aukera galdu. Parte-hartze masiboa, jai giroan eta inolako konplexu barik egin dezagun. Ariketa demokratikoa da.

R.B.: Aukera bat da eta aukerak aprobetxatzeko dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak