goiena.eus

Azkeneko asteetan hainbat arrain agertu dira hilda Aramaio errekan

 Aramaio

Uztaileko bigarren astean 32 amuarrain hilda agertu ziren Aramaio errekan. Gertatutakoaren aurrean, Aramaioko EAJk ohar bidez euren "kezka" azaldu du, eta bide batez, Udal Gobernuko ingurumen zinegotziari hainbat galdera egin dizkio.

Azkeneko asteetan hainbat arrain agertu dira hilda Aramaio errekan
Hildako amuarrainak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hilda agertutako arrainen gertakarien aurrean, EAJk "kezka" azaldu du, eta hainbat galdera egin ditu: "EAJk dituen datuen arabera, uztailaren 6an bitsa edo aparra erabili zuen ume-jarduera bat antolatu zuen Udalak. Garbiketa lanak egiteko orduan, aparra jaso zuen ura errekara bota zuten. Horren ondorioz, hurrengo egunetan hainbat eta hainbat ezkailu eta amuarrain agertu zen hilda Aramaio errekan", dio Aramaioko EAJk ohar bidez."Gertatutakoa argitze aldera EAJk azalpena eskatu dio Udalari", adierazi dute.

Horrez gain, beste kezka bat ere agertu dute: parkeen eta berdeguneen "egoera eskasa", batez ere Zalgoko hilerriarena.

Udal Gobernuaren erantzuna

Udal Gobernuak dio errekaren ardura Eusko Jaurlaritzarena den Ur Agentziana eta Foru Aldundiarena dela. Hala ere, hildako arrainen gainean galdetuta hau azaldu dute: "Guk ditugun datuen arabera, bero handiaren eraginez oxigeno falta izan dute arrainek eta horregatik hil dira". Gaineratu dute: "Uztailaren 4 eta 5eko aste bukaeran, Urretxun eta Oñatin ere arrainak hilda agertu ziren. Aurreko eguenean –uztailak 2– bero gogorra egin zuen eta hori da arrainak hiltzearen arrazoietako bat", diote. Azaldu dute bero handiak oxigeno falta eragiten duela uretan; hala, "hil diren arrainak arrain handiak dira, oxigeno asko behar dutenak".  

Ur agentzia

Ur Agentzian uztailaren 8an izan zuten gertatutakoaren abisua. Hurrengo egunean, hilak 9, agentziako teknikaria Aramaiora etorri zen. Ur Agentziaren informeak dio: "Erreken ur-emari txikia eta tenperatura handiak kontuan hartuta, edozein isurik eragin zuzena izan dezake arrainengan. Ezaugarri horiek kontuan hartuta ondorioztatu daiteke garbiketaren ondorioz isuritakoak eragin zuela arrainen heriotza, errekak muturreko baldintzak dituelako".

Parkeen egoeraren harira

Parkeen egoeraren gainean, Udal Gobernuak dio sasi-garbitzeko makina pasatzen dabiltzala herriko berdeguneetan.

Udal Gobernuak Aramaiok dituen arazoak aipatu ditu

"Udal Gobernuari arraroa egiten zaio Aramaiok dituen ingurumen arazoak –AHTko lanek eragindakoak, adibidez– kontuan hartuta EAJk arrainen gertakariarekin azaldu duen kezka", diote.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Hau bai sorpresa! Aramaioko EAJ arduratuta ingurumenarekin! Eta non egon zarete orain arte, zuen taldeak izugarrizko amorruaz (edo/eta interesaz) bultzatzen ari den AHTren obrek eragiten ari diren kalteen aurrean? Kalteak asko eta asko dira Euskal Herri osoan baina Aramaion konkretuki eta Aramaioko erreketan zentratuta, zergatik ez zenuten Bolinburuko errekaren egoera salatu? Bolinburuko errekak amuarrainak zituen, hemengo kangrejuak (amerikarrak ez), askotariko hegaztien bisitak (koartza adibidez),… AHTko obrak hasi zirenean, erreka lokatz gris batekin bete zen eta bertako bizitza guztiarekin bukatu zuten (argazkiak erantsiko nituzke, baina "erantzunak" ez dit aukerarik ematen ). Urte askotan horrela egon da, salatu ere egin zen behin eta berriro, baina URAk ez du ezer egin (ez da izango horko agintariak talde berdinekoak direlako?). Obretarako urak hartzeko Aramaio errekan hodi, oholak eta inondikoak jarri dira egunero ur kamioikadak hartzeko. Eta URA, nora begira zegoen?. Mesedez, utzi politika eta interesen alde lan egiten, eta benetan herriaren eta honen ondasunen alde lan egiten hasi (ez suntziketan). Eta Fracking-a? Zuen taldeko agintariek Aramaion fracking teknika erabiltzea erabakitzen badute, beste aldera begiratuko duzue orain arte bezala? Edo herriaren eta ingurumenaren ongizatearen alde lan egingo duzue?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa