Aramaioko ordezko medikua elebiduna izateko eskaera gaur heldu da Osakidetzara

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko eka. 16a, 19:30
Udako oporretan Aramaioko ordezko medikuek ez dute euskaraz jakin izan. Bada, hizkuntza eskubideak errespeta daitezela aldarrikatzeko, Aramaioko mediku Aitor Montesek eskaera ofiziala aurkeztu du gaur Debagoieneko ospitalean.

Eskaera garbia da, ordezko medikua ere elebiduna izatea: "Elebiduna esaten dut eta ez euskalduna: halako eskaerak egiten direnean beti esaten da gauza bera; diskriminatzailea dela, baztertzailea. Horregatik elebiduna: Aramaion erabiltzaile edo paziente euskaldunak eta erdaldunak daude, eta osasun arreta ele bitan eskaini behar da derrigorrez, euskaraz zein gazteleraz", adierazi du Montesek.

Iazko eskaerak ez zuen ezertarako balio izan

Iaz eskaera bera egin zuen baina ez zuen ezertarako balio izan: "Iaz e-posta erabili nuen, Osakidetzako barne-harremanetarako erabiltzen dugun e-posta. Baina ez zidaten jaramonik egin, eta Aramaiora etorri zen medikua elebakarra zen, ez zekien euskaraz", gogoratu du. Jokatzeko modua aldatuta ere, Montesek ez daki balio izango duen: "Eraginkorra izango da? Eta hala bada, datorren urtean beste herrietako medikuak edo Udalak animatuko al dira? Hori denborak esango du".

Herritarren babesa

Eskaera herritarrengandik datorrela erakusteko talde argazkia atera zuten egubakoitzean Bizente Goikoetxea plazan; bertan egon ziren Montes bera eta Udaleko ordezkariak –Ramon Ajuria alkatea barne–, Uemako presidente Maren Belastegi eta Txirritola euskara elkarteko kideak, besteak beste. Herritarren erantzunarekin "oso pozik" zegoen alkatea: "Ordezko medikuarekin euskaraz egiteko aukera eskatzen dugu, ez besterik".

Euskaldun tasa %85ekoa

Uemako presidente Maren Belastegik Aramaioko euskaldun tasa oso altua dela nabarmendu zuen: "Aramaion %85ekoa da euskaldun tasa eta beraz, mediku elebiduna izatea beharrezkoa dela uste dugu. Gustatuko litzaiguke ekimen hau udalerri euskaldun guztietara zabaltzea". Izan ere, Uema osasungintzan ere badabil lanean: "Osakidetzako arduradunekin bildu ginen baina lanean jarraitu behar dugu. Aramaioko medikua oso kontzientziatuta dago eta aitzindari izan da; honakoa abiapuntua izango da lanketa bat egiteko, garrantzia handia dauka-eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak