Emozioak askatzeko teknikak ari dira lantzen Aramaioko San Martin eskolan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ots. 28a, 08:30
EFT teknika ikasteko saioetako bat San Martin eskolan; gorputzeko puntu batzuk ordena baten ukitzea eta "hizkuntza positiboa" erabiltzea dira gakoak.
Ekimen berritzaile batekin ari dira lanean Aramaioko San Martin eskolan. EFT ('Emotional Freedom Techniques') edo emozioak askatzeko teknika da. Ikasle baten amak proposatu zuen teknika lantzen hastea eta eskolako batzorde iraunkorrak onartu egin zuen proposamena. Oraingoz eskolaz kanpoko orduetan hasi dira lantzen, 35 ikaslerekin.

Emozioak askatzeko teknika, EFT moduan ezaguna (Emotional Freedom Techniques). Izen hori du San Martin eskolan lantzen hasi diren teknika berriak. Zer den? Labur esanda, akupunturak jasotzen dituen gorputzeko puntu zehatz batzuk ordena bat jarraituz ukitzen dira. Eskuetako, aurpegiko eta bularreko puntuak lantzen dira bereziki.

Beste gako bat da "hizkuntza positiboaren" erabilera. Puntu horiek ukitzen diren bitartean autoestimua hobetzeko esaldiak erabiltzen dira, norberaren arazoei aurre egiten lagunduz.

Akupuntura eta hizkuntza positiboa oinarri hartuta, azken helburua da teknika jasotzen duen pertsona hori ondo sentiaraztea. Batetik, min fisikoak kentzeko balio du eta, bestetik, emozionalki hobeto prestatuta egoten laguntzen du. Eskolakoek ikasle baten amaren bidez izan zuten teknikaren berri: "Oso ondo joan zitzaionez, eskolara ekarri gura izan zuen teknika. Batzorde iraunkorrean aurkeztu zuen eta ondo iruditu zitzaigun".

Eskolaz kanpokoa, oraingoz

Eskolaz kanpoko jarduera da, hasierako fasean dagoena: "Ikusiko dugu teknika honi zein jarraipen ematen diogun". Ikasleekin praktikan jarri baino lehen, gurasoei teknika berria azaltzeko hitzaldi bat egin zuten urtarrilean. Ondoren, teknikan sakontzeko, zortzi orduko saio bana egin zuten Iñaki Figueiredo hezitzailearekin batera, otsailaren 15ean eta 22an: "Oso balorazio positiboa egiten dugu. Guraso eta irakasleen artean 17 lagun elkartu ginen. Oso gustura irten ginen eta, izan zuen harrera ikusita, ziur beste ikastaroren bat edo antolatu beharko dugula". Teknika ez da batere ezaguna gurean: "Gurekin egon zen hezitzailea EAEn dagoen bakarra da. Estatu osoan bederatzi dira. AEBtik dator eta Ameriketan, Perun eta Ekuadorren adibidez, teknika hori aplikatzen dute eskola orduetan".

Ikasleen artean ere harrera ona

Eskolaz kanpoko jarduera horretarako 4 eta 12 urte arteko 35 ikaslek eman dute izena; eurekin otsailaren 17an hasi ziren eta ordubeteko saio bat egingo dute astero, bost astetan zehar.

Ikasleen artean ere harrera ona izan zuen saioak; orain arte bakarra egin dute: "Teknika aurkeztu zigun ama da ikastaroko irakaslea. Harekin hitz egin dugu eta oso gustura dago. Era berean, guraso batzuekin ere egon gara eta haurrak ere oso gustura dabiltzala esan digute". Talde txikitan elkartzen dira, adinen arabera, eraginkorragoak izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak