goiena.eus

Larraitz Arriolabengoa: "Aramaiorako musika-etxea lortzea da helburua"

  Hezkuntza  Aramaio

Langabezian geratu ostean musika eskolak bere kabuz ematea aukera bat zela pentsatu zuen Larraitz Arriolabengoak. Pentsatu eta egin; proiektu bat aurkeztu zuen eskolako guraso elkartean eta onartu egin diote. Hala, eskolaz kanpoko musika klaseak emango ditu San Martin eskolako goiko pisuan: pianoa, gitarra eta txistua jotzen irakatsiko dute.

Zer dela-eta erabaki duzu musika eskolak ematea?
Orain arte nire etxean eman izan ditut klaseak baina aurreko ikasturtea amaitu baino lehen proiektu bat aurkeztu nuen guraso elkartean 2013-2014 ikasturtera begira, eskolaz kanpoko musika klaseak nik emateko. Proposamena onartu egin zidaten; orain, Arrasate Musikalera joateaz gain, Aramaion bertan eskolak jasotzeko aukera dago.

Zer da irakatsiko duzuna?
Musika hizkuntza edo solfeo deitzen dena eta musika hastapenak, 3 eta 7 urte arteko haurrendako. Pianoa, gitarra eta txistua jotzen irakatsiko dugu. Eskolan bertan izango dira klaseak.

Musika eskolarik ezean klaseak zuk zeuk ematea erabaki duzu.
Aramaiok musika-etxe bat behar du eta klase hauek helburu hori lortzeko lehen harria direla esan daiteke. Jende askok eman du izena, 50 bat ikasle izango dira. Oso kopuru altua da eta joerak horrela jarraitzen badu, musika-etxearen beharra gero eta agerikoagoa izango da. Nire azken helburua da Aramaiorako musika etxea lortzea, bere kabuz joan dadin. Eraikin bat badago baina ez dago dirurik eraikin hori behar den moduan egokitzeko.

Noiz hasiko zarete eskolekin?
Iraileko azken astean edo urri hasieran. Oraindik haurrak goizez bakarrik dabiltza eta nahiko kaotikoa izaten dira lehen asteak. Taldeak sortu eta ordutegiak laster egokituko ditugu. Izena emateko aukera dago oraindik; San Martin eskolatik kanpo izena eman gura duenak niri deitzea izango du onena: 605 748 087.

Baliabide aldetik ondo?
Eskolan badago pianoa eta irakasleok baditugu gitarrak. Txistua norberak ekarri beharko du; oraingoz moldatzen gara.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Udalak ere lagundu beharko luke dauzkan baliabideekin. Bere garaian musika tresnak erosi zituen, non daude? Udalak pianoa ere badauka, ikasten hasiko diren eta direnen eskura jarri beharko luke. Normala ote da udal langile baten etxean egotea udal jabetzako pianoa beste herritar askok ere erabil dezaketenean?
Kultura etxean jarriz gero piano hori ikasten hasten direnek praktikatu ahal izango lukete.

Erantzuna | #2

Aramaixoarra-ri erantzuna.
Jakin ezazu udalak araututa daukala instrumentu horien erabilera eta edozein herritarrek erabili ditzazkeela, beraz:
Normala da udal langile batek beste herritar baten eskubideak ez izatea?
Normala da, musika eskolako instrumentuen erabileraren gainean Udalak araututakoa jakin barik, udal langile baten gainean ziri pozoitsuak jaurtitzea, ezizen baten atzean ezkutatuta?
Badakizu non eta nolako egoeratan zegoen zuri kezkatzen zaizun pianoa?
Ez da hobe galdetzea, zergatik 20 urtetan herritarrok ez dugun aukerarik eduki Aramaixon bertan musika ikasteko?.
Orain dela 20 urte inguru, tituludun irakaslea , instrumentu berriak erosteko diru laguntzak ..etb. lortu ziren. Nork zapuztu zuen, beste batzuk egindako lana?
Ea oraingoan lortzen den. Animo Larraitz eta Manex.

Martin Arriolabengoa Unzueta

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa