Saneamendua eta berritze lanak dira lehentasuna aurten Aramaion

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ots. 22a, 13:44

Otsailaren 14an egindako osoko bilkuran eman zitzaion hasierako onarpena 2013ko aurrekontuari. Udalaren 2013rako lehentasunak izango dira Muruko saneamendua eta Ibarrako argiteria zein kiroldegia berritzen hastea.  Baina horrez gain, bide publiko eta Udalaren jabetzen inbentarioa egin beharra dago, artxibo berria martxan jarri, eskola inguruko baranda berritu, Udalaren webgune berria abiarazi, UEMA eguna antolatu –udalerri euskaldunen mankomunitatearen garrantziaz jabetzeko kanpaina berezia egingo dute–... Proiekturik ez da falta.

Aramaioko Alkartasuna alderdia  Udal Gobernuaren barruan dago eta beraz, Jose Ramon Uribe zein Martin Ibabe bat datoz: "Diputazioak zenbait diru-laguntza atzeratu ditu eta auzoetan beharrezkoak diren hainbat saneamendu lan ezingo dira egin. Aldundiak ez badu dirurik ematen Udalak ezin die gastu horiei aurre egin, normalean obraren kostu osoaren %60 baino gehiago ematen du-eta Aldundiak. Udalaren aldetik egin zitekeen guztia egin da", adierazi du Uribek.

Honakoa ere gaineratu du: "FOFEL delakoa, Diputazioak biztanle bakoitzeko Udalari bideratzen dion diru kopurua, ez dago argi zenbatekoa izango den. Agian datorren urtean zati bat itzuli beharko da... Ez dakigu". 

Iaz baino %20 gehiago

Udalak Aramaio kudeatzeko iaz baino diru gehiago izango du, %20 gehiago. Igoera hori Diputazioaren ekarpenaren gorakada –FOFEL delakoa– eta basoetatik jasoko den diru kopurua hazi egin delako dator bereziki. Hala, Udalak bi milioi euro pasa izango ditu herria kudeatzeko –2.191.528,12 euro, hain justu. Iaz 1.820.180,94 euro izan ziren–.

Udalaren 2013rako lehentasunak izango dira Muruko saneamendua eta Ibarrako argiteria zein kiroldegia berritzen hastea.  Baina horrez gain, bide publiko eta Udalaren jabetzen inbentarioa egin beharra dago, artxibo berria martxan jarri, eskola inguruko baranda berritu, Udalaren webgune berria abiarazi, UEMA eguna antolatu –udalerri euskaldunen mankomunitatearen garrantziaz jabetzeko kanpaina berezia egingo dute–... Proiekturik ez da falta.

Bestalde, Udal Gobernuarendako "urtez urte" lehentasun direnak eta aurrerantzean izango direnak ere aurrekontuan sartu dituzte: Aramaio Basarri Barri fundazioa indartzea eta herriko auzo eta talde ezberdinei ahalik eta gehien laguntzea, besteak beste.

110.000 euro eskaeretarako

Udal Gobernuak parte-hartze prozesua abiatu du aurten lehenengoz, herritarren eskaera eta beharrak aztertzeko. Eskaera guztiak ez, noski, baina batzuk onartu dira; 110.000 euro bideratuko dira eskaera horiei erantzuteko: auzoetako eskaerak (21.800 euro), Sastiñarako eta kiroldegirako berogailu sistema jartzea (3.200 euro) gaztetxean konponketak egitea (2.000 euro), ABB fundazioarendako eguna antolatzea (2.000 euro), Bidezko merkataritzaren aldeko eguna antolatzea (1.000 euro) eta Kultur etxean berritze lan txiki batzuk egitea (1.400 euro), besteak beste.

Zaharren egoitza Aramaion posible izango ote den aztertzen

Erantzun bako eskaera da Zaharren egoitza: "Diagnostikoak agerian utzi du egoitzaren beharra. Krisian gaude eta ongizate zinegotzia beste herri batzuetako ordezkariekin harremanetan jarri da egoitza egin daitekeen edo ez ikusteko. Aldundiarekin negoziatu gura dugu", dio alkateak.

2013rako inbertsio nagusiak

Muruko saneamendua
Aramaio izan da Zuia Koadrilako herri bakarra Diputaziotik halako obra baterako dirua jaso duena. Bi fasetan egingo dira lanak, Diputazioak bi urtetan zehar emango duelako diru-laguntza. Obraren aurrekontu osoa 384.493 eurokoa da; aurten erdia erabiliko da eta beste erdia datorren urtean. Saneamendu eta zolatze lanak egingo dira, izan ere, auzorako bidea oso egoera txarrean dago. Auzotarrek aspaldi egindako eskaerari erantzuna ematera datorren obra izango da.

Ibarrako argiteria
Ibarra auzoko argiteria berritzeko lehen fasea burutuko da aurten. 42.524 euro inbertituko dira eta horrela legedi berrira egokituko da argiteria. Argiaren kontsumoa murriztuz ingurumenari mesede egingo zaio eta noski, Udalak dirua aurreztuko du epe luzera. 

Kiroldegia berritzeko lanen hasiera
Kiroldegiko berritze lanetan 36.000 euro inbertituko dira aurten. Gimnasioa handitzeko eta goiko komunak ondo jartzeko bideratuko da diru hori. Gogoan izan behar da osoko bilkuren aretoa erabili izan dela hainbat alditan pilates edota antzeko ekintzak egiteko. Beste alde batetik, kiroldegian bertan beste obra txiki batzuk egiteko diru-laguntza eskatu du Udalak Aldundian; 35.000 euro inguru. Eskaera onartuz gero, beheko aldagelak txukunduko dituzte. Udalak argi dauka kiroldegia "oso zaharkitua" geratu dela eta ahal den heinean txukuntzen joan behar dela.

Aurrekontua batzordeka      

Ogasuna    739.293    %33,70
Zerbitzuak    548.029    %26,63
Hirigintza    387.737    %17,68
Kultura eta kirolak    175.440    %8,00
Ongizatea    81.021    %3,69
Euskara eta hezkuntza    79.800    %3,64
Ingurumena eta  nekazaritza    65.322    %2,98
Mendiak    44.685    %2,04
Parte hartzea eta auzoak    24.800    %1,13
Gazteria, Migrazioa eta emakumeen eskubideak    11.400    %0,52

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak