Ekonomatorako bazkide berrien bila dabiltza Aramaion

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urt. 17a, 16:37

Aramailur kontsumo taldearen ekonomatoa forma hartzen dabil. Aramaio Basarri Barri fundazioaren barruan dagoen ekimena da, elikadura burujabea lortzeko bidean "tokian-tokikoa eta garaian-garaikoa" kontsumitzeko filosofiarekin: "Baserritarrentzat zein kontsumitzaileentzat elkargune eta erreferentziazko gunea sortzea da gure asmoa", diote.

Elkarte moduan egituratzea da orain lehentasuna, horretarako bazkideak lortuz: "Gurea irabazi asmorik gabeko elkartea da, bertako bazkideen interesen arabera produktu ezberdinak eskaintzen dituena". Printzipioz, otsailean elkartea osatzeko lehen batzarra egingo dute: presidentea izendatu, estatutuak osatu, kontsumitu gura diren produktuak aztertu...Hainbat erabaki hartu behar dira oraindik.

Eskubideak eta betebeharrak

Erabakiok hartu aurretik, baina, babesa behar du ekonomatoak eta horregatik urtarrilean bazkidetza kanpaina abiatu dute: "Bazkidea pertsona fisikoa izan arren, gertuko familia ulertzen dugu bazkide moduan. Hau da, guztiek dute ekonomatoko produktuak kontsumitzeko eskubidea, baita horien gaineko erabaki guztietan parte hartzekoa ere", diote.

Eskubideez gain, noski, betebeharrak ere izango dituzte. Ekonomatoa aurrera eramateko egin behar diren lanetan parte hartzea beharrezkoa da; txandak, garbiketa... Bazkide berriek 20 euro ordaindu beharko dute hasierako sarrera moduan eta izena emateko ekonomatora –hiltegi zaharreko beheko solairuan– hurbiltzea aski izango da, martitzenetan (19:00-20:30) edota zapatutan (11:00-13:00).

30 familia, eta 30 produktu

Oraingoz 30 familiek eman dute izena. Era berean, bertako zein Euskal Herriko produktuen zerrenda luzea da oso –30 produktu–; Aramaioko 17 produktu –mermelada, arrautzak, barazkiak, txorizoa eta sagardoa, esaterako– eta Euskal Herriko 13 –arroza, naranjak, olioa eta ardoa, adibidez– kontsumitzeko moduan daude dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak