Itsaso Aranzabal: "Herrian podologia zerbitzua izateak gauzak erraztuko ditu"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urt. 11a, 12:10

Astelehenetik aurrera podologia zerbitzua eskainiko du Alaiak Jubilatuen Elkarteak. Hilean behin egongo da Itsaso Aranzabal arrasatearra Aramaion, eta elkarteko bazkide eta ez bazkideek jo ahal izango dute berarengan.

Itsaso Aranzabal arrasatearra astelehenean hasiko da Aramaioko Alaiak Jubilatuen Elkartean podologia zerbitzua eskaintzen. Hobeto ezagutu dugu.

Podologian diplomatu zinen eta Ortopodologia eta Biomekanikan masterra egin zenuen. Zerk erakarrita hasi zinen?

Beti eduki dut argi osasunarekin zerikusia zuten ikasketak egingo nituela. Kasualitatez, podologia ikasitako neska batzuk ezagutu eta beraiek azaldu zidaten zer zen, ez bainuen mundu hori ezagutzen. Oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta ikasketak aurrera joan ahala, gehiago harrapatu ninduen.

Ez da soilik oinetan zentratutako zerbait, gorputza bere osotasunean hartzen du, eta beraz, hasieran  pentsatu baino mundu irekiagoa da.

Astelehenean hasiko zara Aramaioko jubilatu elkartean.

Duela urtebete esan zidaten zerbitzua jarri gura zutela. Curriculuma bidali eta aukeratu egin ninduten. Ez da kontsulta pribatu batean lan egitea bezala izango, batez ere, eskura ditugun baliabideei-eta dagokienez.
Baina esan behar dut  Alaiak elkartekoak gogor saiatu direla beharrezko guztia eduki dezadan. Zerbitzu berri bat denez gero ez dakigu zer aurkituko dugun; oinarrizkotik abiatuko gara: azazkalak moztuz, gogortasunak kenduz... Baina bestelakoetara irekita gaude, eskaeren arabera.

Bestalde, herri txikia izan arren, podologora bertan joan ahal izateak gauzak erraztuko dizkie aramaioarrei. Azken finean, pertsona nagusiek-eta beste toki batera joateko bigarren pertsona baten beharra izaten dute, eta batzuk joango dira, baina beste batzuek ingurukoei trabarik ez sortzeko, ez dira podologora joan ere egiten.

Oro har, askotan ez dugu oinak behar bezala zaintzeko ohiturarik...

Orain dela gutxira arte horrela izan da, baina aldatzen hasi da gauza. Askotan ez gara konturatzen zer-nolako garrantzia duten oinek gorputza bera ongi egoteko. 

Esango nuke lehen podologia ez zela horren ezaguna, baina azken aldian traumatologotik deribatuta pertsona asko etortzen dira gurera, esaterako. Bestalde kirolariak ere etortzen dira, edo haurrak ekartzen dituzte, bizkarreko mina edukitzen duen jende asko ikusten dugu, baita diabetikoak ere...

Hileko bigarren astelehenetan

Alaiak Jubilatuen Elkarteak bere lokalean bazkide eta baita bazkide ez direnei ireki die podologia zerbitzua. Hilean behin izango da Itsaso Aranzabalekin hitzordua, bigarren astelehenetan,15:00etatik aurrera. Interesa duten pertsonek podologoarekin ipini behar dira harremanetan 616 55 85 60 telefono zenbakira deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak