Tailerrean bi arlo landu dira: arlo kognitiboa eta gorputz- jarrerak zuzentzeko arloa. Lehenengo arloan ariketa ezberdinen bidez arreta, lengoaia, kalkulua eta oroimena landu dira, besteak beste. Oroimena hobetzen lagun ditzaketen hainbat teknika ere ezagutu dituzte. Arlo kognitiboaren helburua izan da garuna zaintzearen garrantzia azpimarratzea.
Bigarren arloan, bestalde, denboraren poderioz garunak gorputzaren postura desegoki batzuk ontzat nola hartzen dituen ikusteko aukera izan dute, modu praktiko eta pertsonalizatu batean. Izan ere, askotan, bizkarreko, lepoko eta besoko minak egunero hartzen ditugun gorputz-jarrera txarren ondorio dira.
Bada, tailerrean jarrera desegokiak zuzentzen ikasi dute eta era berean, ohitura onak berreskuratzeko jarraibide batzuk eskaini dituzte. Gainera, osasunerako egokiak diren ohiturak ere ikusi dituzte.
"Erantzuna oso ona izan da"
Karmele Barrutia Lurgorri Eguneko zentroko ordezkariaren arabera, parte hartzaileen erantzuna "oso ona" izan da: "Asko inplikatu dira, asistentzia oso altua izan da eta jorratu diren gaien gainean euren kezkak azaldu dizkigute". Udalarekin batera gauzatutako lehen esperientzia izan da eta Barrutiaren arabera, oso balorazio ona egiten dute: "Beste ekimen batzuk antolatzeko aukera badagoela erakutsi digu, baina beti ere Udalarekin elkarlanean egingo dugu".
"Oso gustura ibili gara"
Ikastaroa jaso dutenen iritzia ere jaso gura izan dugu. Argi Ormaetxearen arabera "oso gustura" ibili dira: "Ikastaroa oso ondo egon da, oso irakasle onak izan ditugu. Asko ikasi dugu, egunerokoan erabilgarriak diren hainbat kontu. Hasi dugun guztiok amaitu dugu. Gure adineko jendeari gomendatzekoa da, erabat".