Debagoieneko Trikitilari Eguna maiatzaren 7an ospatuko da Aramaion

Usoa Agirre 2010ko abe. 1a, 12:26

Debagoieneko Trikitilari Eguna Aramaion ospatuko da datorren maiatzaren 7an. Trikikalejira elkartea arduratuko da antolaketaz. Gaur egun adin guztietako 60 lagun inguru batzen dira herriko trikitilarien inguruan; Josune eta Gurutze Uribarren ahizpek ematen dituzte eskolak, Josunek panderokoak eta Gurutzek soinukoak, hain justu.

Jon Andoni Axpe Trikikalejirako ordezkariak emandako informazioaren arabera, Trikitilari Egunak 12.000 euro inguruko aurrekontua izango du eta erakundeengana joko dute dirulaguntza eske. Aurten Soraluzen ospatu da Debagoieneko Trikitilari Eguna eta orduan 600 bat lagun batu ziren herri bazkarian. Aramaion beste horrenbeste batzea da asmoa. Herri bazkaria frontoian egingo dute maiatzaren 7an. Batzorde ezberdinak eratuko dituzte laster antolaketaz arduratzeko.

Bestalde, joan den azaroaren 12an ospatutako herriko trikitilarien egunean, Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaiko landetxetan asteburua igarotzeko hiru sari zozketatu zituzten. 1.752 zenbakiaren jabea agertzeke dago oraindik. Salturralde baserriko Elejaldetarrei egokitu zitzaien sari bat eta bestea Nafarroa aldera joan zen.

Eta zozketa berria abian jarri du Trikikalejirak. Egin ezazu zoriontsu herri oso bat lelopean, itxitako errepidea zein egunetan zabalduko duten asmatzen duenak Dukiena jatetxean bi lagunendako afaria irabaziko du. Euro baten truke ohiko tokietan eskura daitezke kinielarako txartelak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak