Barikuan, eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunen barruan, Singing euripean izeneko antzezlana izango da kultura etxean, 22:00etan hasita. Aretxabaletako Trikilmailu taldeak antzeztuko du.
Bi euro kobratuko dute sarrera. Izan ere, batzen duten dirua, bigarren eskuko liburu azokan batzen dutenarekin batera, Angolara bidaliko dute.
Liburuen azokan 300 bat liburu
Azokari dagokionez, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta erabaki zuten egitea. 10:30etik 14:00ak arte izango da zabalik. Herritarrek emandako liburuak ipiniko dituzte, merke-merke: Bat, bi, hiru, lau edo, asko jota, bost eurotan salduko ditugu, eta gainera, batzuk oso onak dira eta oso egoera onean daude. Hala adierazi digu antolatzaileetako batek, Alex Aginagaldek.
Gaineratu digu euskarazkoak, espainierazkoak zein ingelesezko liburuak izango direla, umeendakoak zein nagusiendakoak.
Saltzen ez dituzten espainierazko liburuak, Kolonbiara bidaliko dituzte. Eta batutako dirua, berriz, Angolara, Beasaingo gobernuz kanpoko Herriak Elkarlanean erakundearen bitartez, han egiten dabiltzan proiektuetan laguntzeko. Hain justu ere, erakunde horretako kideak ere izango dira zapatuko azokan, Angolako proiektuen berri ematen. Horrez gainera, bidezko merkataritzan oinarritutako produktuekin saltokia ipiniko dute.
Baserrietako sagardoa, domekan
Eta domekan, Sagardogileen Eguna ospatuko dute, Txirritola Euskara Elkartearen eskutik. Azken orduko ustekaberik ezean, 18 baserritar izango direla jakinarazi digute antolatzaileek, baserritar bakoitzak bere erara egindako sagardoa eskaintzen. Hala, Txirritola Euskara Elkarteak edalontziak ipiniko ditu salgai eta halako bat erosiz gero, nahi beste sagardo edan ahal izango da.
Horrez gainera, Aramaioko zenbait herritarrek egindako taloak eta pintxoak ere izango dira.
Sagardoa zela egin erakusten
Goizean hasiko da Sagardogile Eguna, 11:30ean, herriko bertsolarien eta trikitilarien eskutik. Hortik aurrera, sagardoa edaten has daiteke jendea. Era berean, sagardoa bera zela egiten den ikusteko aukera ere izango dute. Izan ere, dolare bat (sagardoa egiteko erreminta) eramango dute plazara eta sagardoa (edo hobeto esanda, muztioa) egingo dute. Sagardoaren prozesua esplikatzen duten panelak ere izango direla esan digute Txirritola elkartekoek.