AHTren gaineko zundaketak egiten hasiko dira laster

Ubane Madera 2005ko api. 7a, 19:55
Bi enpresak baimena eskatu dute Aramaion zundaketak egiteko. Abiada Handiko Trenaren bi zati eraikiko dituzte enpresa horiek: Eskoriatza-Aramaio eta Aramaio-Arrasate.

Laster hasiko dira zundaketak egiten Aramaioko lurra aztertzeko, Abiada Handiko Trena pasatu behar den tokietan. Asistencias Técnicas y Sevicios Tecnológicos 98 SL eta APIA XXI enpresek egingo dituzte. Gutxi gorabehera, bi hilabetez jardungo dute lanean.

Zundaketok egiteko udalean baimena eskatzeaz gainera, trenak zeharkatuko dituen lurren jabeei ere baimena eskatzen ibili dira. Bolinburu baserriko Luis Mari Erizek, esaterako, eurenean hiru bider izan direla kontatu digu.

Nondik nora

Proiektuaren arabera, Zabola azpian hasi eta Kataiaraino, trena kanpotik joango da, airetik. Kataian zubia zeharkatuko du eta Cuatrovientos inguruan tunelean sartuko da. Gasteiztik etorrita, Osinalden izango du sarrera tunelak, gero Azkoaga, Zuazu eta Untzilla auzoen artean pasako da. Tunelak hiru kilometro pasatxo izango ditu. Aramaio ibaia zeharkatzeko, berriz, 535 metroko luzera eta 50 metroko altuera duen zubia eraikiko dute. Santa Agedako bidea hartuko du handik aurrera.

Gasteiztik Aramaiora honako udalerriak zeharkatuko ditu: Gasteiz, Arrazua-Ubarrundia, Legutiano, Leintz-Gatzaga, Eskoriatza eta Aramaio. Eta hortik aurrera, berriz, honakoak: Arrasate, Bergara eta Antzuola. Lanak noiz hasiko diren, berriz, oraindik ez dute zehaztu.

Edozelan ere, informazio gehiago behar izanez gero, udaletxean Trenbide Sarearen Lurralde Zatikako Plana dago, edozeinen eskura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak